Carmen Cordero: "Gipuzkoako hiru txirlo txapelketa irabazi dudala ezin sinetsita nago"

Uztarria.eus 2019ko mai. 28a, 17:31
Carmen Cordero jaurtialdi batean.

Carmen Cordero (Azpeitia, 1971) bolariak Gipuzkoako 50. hiru txirlo txapelketa irabazi berri du. Martxoan hasi zen txapelketa, eta joan zen zapatuan izan zen lehiako azken jardunaldia Elgetan. Azpeitiarrak han berretsi zuen emakumeen sailkapeneko lehen postua; izan ere, azken aurreko jardunaldirako bigarren sailkatuarekiko sei txirloko aldea lortuta zuen Corderok. Hamahiru emakumek parte hartu dute txapelketan, eta lorpenarekin "oso gustura" dago bolaria.

Lehen aldiz irabazi duzu Gipuzkoako hiru txirlo txapelketa. Gustura al zaude?

Bai, oso gustura nago. Izan ere, aurten federatu naiz lehen aldiz, eta izugarria izan da Gipuzkoako txapelketa irabaztea. Alaba eta senarra ere bolariak dira, eta haiei esker erabaki nuen txapelketan parte hartzea. Egia esan, lehia irabazi dudala ezin sinetsita nago, ez nuen sekula pentsatu halakorik gerta zitekeenik.

Lehenago ibilia al zinen boloetan?

Noizbait jokatutakoa nintzen, baina probatze aldera. Adibidez, Azkoitiko Floreaga auzoko iazko festetan parte hartu nuen hiru txirlo lehian. Dena den, aurten arte, sekula ez nuen parte hartu txapelketa batean.

Debuta egin eta txapeldun. Ez da marka makala. Datorren denboraldirako erronkarik jarri al diozu zure buruari?

Bai, hala da. Hasiberriaren zortea izango da [barrez]. Dudarik gabe, datorren denboraldian ere parte hartuko dut txapelketan. Gainera, irabazteak segitzeko indarra eman dit. Dena den, hurrengo urterako ez dut helbururik jarri: niretzat garrantzitsuena parte hartzea da, eta txirloa jotzeko zortea izaten badut, askoz ere hobeto.

Bigarren sailkatuari sei txirloko aldea atera diozu. Aldea nabarmena da, ezta?

Bai, aldea agerikoa da, sei txirloren tartea lortzea ez baita hain erraza. Azken aurreko jardunaldian ja alde hori lortuta nuen; bigarren sailkatuak 14 txirlo zituen eta nik 20. Azken lehian, berriz, biok hiruna txirlo bota genituen. Abantailari eutsi nion.

Zein da txirloak jotzeko sekretua?

Bolatokiaren arabera, batzuek esan izan didate bola modu batera edo bestera botatzeko, indar gehiagorekin edo gutxiagorekin jaurtitzeko, baina nik neure erara jokatzen dut; neuk ikasitako moduan jardun dut lehian. Bolatokian neu bakarrik nengoela pentsatzen nuen urduri ez jartzeko. Izan ere, jaurtialdietan jendea jokatzen ari den bolariari begira egoten da, eta horrek askotan urduri jartzen du jokalaria.

Nolakoa izan da txapelketa?

Oso ederra izan da. Pare bat jardunalditan ez nuen txirlorik jotzea lortu, baina beste guztietan, gutxienez, txirlo bat edo bi jo ditut. Orokorrean, beraz, oso ondo joan da niretzat lehia.

Zein bolatoki nabarmenduko zenituzke?

Batzuk aipatzearren, Aretxabaletakoa, Azpeitikoa eta Azkoitikoa. Bolatoki horietan txirloak jotzea lortu nuen, eta horregatik ditut, beharbada, gustukoenen artean. Hala eta guztiz, bolatoki guztiak egokiak direla esango nuke.

Gipuzkoako lehia bukatuta, beste txapelketarik ba al duzu jomugan?

Zapatuan Lehendariaren Txapelketa izango da Elgoibarko San Migel bolatokian, eta han parte hartuko dut. Izan ere, Gipuzkoako Txapelketan aurreneko 64 postuetan sailkatutako bolariak izango gara bertan. Nitaz aparte, azpeitiar gehiago ere izango dira tartean, hala nola Iñaki Caballero, Agustin Garcia, Andres Calero, Yarisa Caballero, Iker Hidalgo eta Juan Mari Hidalgo. Garmendipe taldeko ia kide guztiok sailkatu gara Lehendakariaren Txapelketara.

Nola prestatzen zarete txapelketarako?

Egia esan, ez dugu asko entrenatzen. Azpeitiko txapelketa izan zenean, astean zehar pare bat aldiz joan ginen Garmendipera prestatzera, baina gainerakoan batere ez gara aritu. Hori bai, jardunaldiak hasi aurretik jaurtialdi batzuk egiten ditugu, bola probatzeko.

Azpeitiko Garmendipe taldeko kidea zara. Zenbat lagunek osatzen duzue taldea?

Zortzi bat lagun gara taldean, eta ia denok parte hartzen dugu txapelketetan. Batzuk, jardunaldi jakin batzuetara joaten dira, eta bospasei lagun jardunaldi guztietan aritzen gara.