Erreferendumaren aldeko globoa, puzten hasteko prest

Uztarria.eus 2019ko mai. 22a, 19:00
Laxaro Azkune eta Amalur Alvarez, atzoko aurkezpenean.

Gure Esku dinamikak etapa berri bat abiatu du, helburu argi batekin: estatus politikoaren inguruko erreferenduma egitea. Horretarako, herri ekimen bat sustatuko du dinamikak, eta tokian tokiko Elkarguneak sortzea aurreikusi du. Erronka gauzatzeko, bazkide kanpaina jarri dute martxan. Amalur Alvarez Gure Eskuren bozeramailea Azpeitian izan da, fase berriaren nondik norakoak azaltzen.

Gure Esku Dagok joan den martxoaren 31n jakinarazi zuen etapa berri bati ekingo ziola, Gure Esku izenarekin. Orduko hartan aurkeztu zituzten Angel Oiarbide eta Zelai Nikolas ordezkatuko dituzten erakundeko bozeramaile berriak, Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu, eta atzo Azpeitian izan zen Alvarez, dinamikaren etapa berriaren nondik norakoak azaltzen. Erreferendumaren aldeko herri ekinaldi bat bultzatuko du Gure Eskuk aurrerantzean, eta egitasmo horren zehaztapenak eman zituen bozeramaileak, Sanagustin kulturgunera joan ziren hainbat lagunen aurrean.

2013an Gure Esku Dago sortu zenetik, hainbat egitasmo bultzatu du dinamikak, eta orain, bide berri bat hartu du, helburu argi batekin: “Gure etorkizuna erreferendum bidez erabakitzea posible egitea”. Horretarako, erronka kolektibo bat izateko helburua duen herri ekimena sustatuko du dinamikak. Publikoko baten batek Gure Eskuren herrietako batzordeek maila horretako kemenik baduten kezka agertu zuen, "globoa hustuta" egon daitekeela aipatu zuen, baina Alvarezek argi du: "Konbentzituta gaude inoiz baino aukera gehiago ditugula erabakitzeko eskubidea gauzatzeko". Globoa puzten hasteko garaia iritsi da, beraz.

Etapa berriko iparrorratza zein den adierazteko, lelo nagusi bat du dinamikak: Ezer ez denean ziurra, dena da posible. Esamoldearen lehen zatiak –ezer ez denean ziurra– egungo testuinguruari egiten dio erreferentzia: "Zergatik diogu ez dela ezer ziurra? Ziurrak ez diren garaiak bizi ditugulako. 60-70. hamarkadetan hasitako prozesu desdemokratizatzaile baten ondorioak bizi ditugu. Erabakiak agente globalek hartzen dituzte, gure egunerokoan garrantzia duten erabakiak ez ditugu guk hartzen", azaldu zuen Alvarezek. Dena da posible-k zer esan nahi duen azaldu zuen segidan: "Gure Esku konbentzituta dago alternatibak eraiki daitezkeela, eta posible dela gure erabakiak gauzatzea".

Burujabetzaren inguruko eztabaida munduan indarra hartzen ari dela nabarmendu zuen Gure Eskuko bozeramaileak, eta horretarako, hainbat adibide jarri zuen mahai gainean: "Europako Batasunaren eredua ezbaian dago; Espainiako estatua krisian; eta Frantzian, jaka horien aldarria tarteko, Emmanuel Macronen agintaldia krisian dago". Horregatik, Euskal Herrian aurrera egiteko aukerak zabaldu direla nabarmendu zuen. "Gehiengo zabala dugu geure erabakiak guk hartzearen alde; horren isla izan dira 150.000 laguneko giza katea, 175.000 laguneko bigarren giza katea eta 218.000 lagun baino gehiagok eman duten erabakitzeko eskubidearen aldeko botoa". Alvarezen arabera, maila politikoan nahiz instituzionalean aukerak sortu ditu horrek.

Askapen aldarriak bideratzeko, estaturik gabeko nazio askok bide demokratikoak baliatu dituztela gogorarazi zuen Alvarzek; besteak beste, Kataluniak; Eskoziak; Quebecek; Danimarkan, Groenlandiak eta Faroe uharteek; Frantzian, Kaledonia Berriak… "Ikusten dugu badatorrela bigarren olatu bat, eta horretara dator Gure Eskuren etapa berria".

Hiru fase, hainbat mugarri

Sei urte estatus politikoa eta erabakitzeko eskubidea lantzen aritu ostean, erreferendumaz hitz egiteko garaia dela nabarmendu zuen Alvarezek. "218.000 lagunek argi adierazi dute beraien etorkizuna eta oraina erreferendum bidez erabaki nahi dituztela. Beraz, oinarri sendo bat badaukagu eta uste dugu prest gaudela beste urrats bat emateko, erreferendumez hitz egiteko". Erreferenduma gauzatzeko bide horretan, hiru subjetktu jarri nahi ditu elkarlanean Gure Eskuk: herritarrak, eragileak eta instituzioak. Eta beste hiru fase proposatu ditu: lehenik, saretzea egin beharko da, esparrua zabaltzea eta orain arte iritsi gabeko esparruetara iristea izango da gakoa; ondoren, mobilizazioaren txanda iritsiko da, ekintzaz beteriko hilabetea eta sinadura bilketa aurreikusten dituzte; eta azkenik, eskaera egingo diete instituzioei.

Hori guztia aurrera ateratzeko, gutxieneko antolaketa eredua proposatzen du dinamikak. Hiru mailatan lan egin nahi dute: Euskal Herrian, herrialdeetan edo lurraldeetan eta eskualdeetan edo herrietan. Esparru horietan lan egiteko, lantalde batzuk sortzea aurreikusten dute: Elkarguneak. "Elkarlanean aritzeko esparru ezberdinak izango dira, hiru maila horietan herri ekimena aurrera aterako duten guneak, erabakiak hartzeko guneak, herri ekimena koordinatuko dutenak".

Gainera, gutxieneko mugarri batzuk proposatu dituzte: 2019ko maiatzean eta ekainean herri ekimena herriz herri aurkeztuko dute; udan, herriko edo eskualdeko eragileen mapa osatuko dute, herri ekimenean era batera edo bestera parte har dezaketen taldeak eta kolektiboak identifikatzeko; udazkenean, herrietan aurkezpenak egingo dituzte Elkargunea osatu duten eragileekin; 2020ko negu-udaberri partean, herri Elkargunea osatu duten eragileekin antolakuntza eta sukalde lanak egingo dituzte; apirilean eta maiatzean, sinadura bilketari begirako kanpaina komunikatiboa eta ekintza plana martxan jarriko dute; eta maiatza eta ekaina artean, herrietako Elkarguneek sinadura bilketak egingo dituzte.

Helburua "anbizio handikoa" dela aitortu arren, herritarren laguntzari esker aurrera eramateko modukoa dela uste du Gure Eskuk. Horregatik, Plaza plataforma digitala sortu dute, herritarrak bazkide egin daitezen eta ekarpenak egiteko aukera izan dezaten. "Bazkideen ekarpen ekonomikoa oso garrantzitsua izango da, erronkak aurrera atera ahal izateko, baita herritarrak ezinbestekoak zaretelako honetan guztian parte hartzeko ere".

Abiapuntua: 2013an

Alvarez hizketan hasi aurretik, Laxaro Azkune Azpeitiko Gure Esku Dagoko kideak orain arteko ibilbidearen errepasoa egin zuen. 2013an sortu zen Gure Esku Dago dinamika, eta 2014ko ekainaren 8an Durango eta Iruñea batu zituen giza kateak. "Ezinezkoa zirudiena gauzatu egin zen, eta 1.800 azpeitiar inguru joan ziren Zumarraga eta Ezkio-Itsaso arteko errepidean katea osatzera. Urte hartako azaroan, mosaikoa egin zen Donostiako Zurriola hondartzan, eta 10.000 lagun batu ziren. 2015ean, San Sebastian jaietan, Gure Esku Dagoren kanta jo zuten Azpeitiko danbor-jotzaileek. Gero, ekainaren 21ean, oihalen ekintza etorri zen, eta 1.630 herritar saretu ziren. Hurrengoa “urte indartsua” izan zen azpeitiarrentzat: “Lanketa handia egin zen 2016an, Hitzartu batzordearen bidez, eta ekintza bikain eta arrakastatsu ugari egin ziren bidean: kriseiluen gaua, kanta berezi bat, Erabaki Fest, lipduba, eta ekainaren 5ean, herri galdeketa gauzatu zen. Herri osoa mugitu zuen egitasmoa izan zen galdeketa, 4.781 boto bildu genituen, herritarren ia %40ra iritsi ginen parte hartzeari dagokionez, eta 400 boluntario inguru ibili ziren lanean". 2017an Bilbon egindako ekitaldiak ere entzutetsuak izan ziren, eta 2018an beste giza kate bat egin zuten; azken horretan 2.000 azpeitiarrek parte hartu zuten. 2019ko otsailaren 17an, berriz, horiz margotu zuten Donostia.