Udalak atzoko lan istripua argitzeko eskatu die Osalani eta beharginak lan egiten zuen enpresari

Uztarria.eus 2019ko mai. 21a, 13:08

Herriko enpresei langileen bizitzak babestea ere eskatu die erakundeak: "Udalerri osoko enpresek herriarekin eta herritarrekin duten gutxieneko konpromisoak hala exijitzen duelako, egoera guztietan langile ororen bizitzak babestea eskatzen diegu, oinarrizko baldintza gisa eta lehentasun absolutu gisa". Udalak bat egin du heriotza salatzeko eta familiari elkartasuna eta babesa adierazteko antolatuko dituzten deialdiekin.

Azpeitiko Udalak atzo Aizarnan lan istripuz hil zen Urrestillako bizilagunaren familiakoei, lankideei eta gertukoei doluminak eta elkartasuna adierazi dizkie. Erakundearen arabera, langileentzat eta herriarentzat "kolpe gogorra" izan zen atzo gertatutakoa, eta esan du, behar izanez gero, Udalak laguntza eskainiko diela hildako langilearen gertukoei. Horrez gain, Osalani eta beharginak lan egiten zuen enpresari istripuaren "zergatiak aztertzeko eta lehenbailehen argitzeko" eskatu die Udalak, eta esan du lan istripuena "arazo oso larria" dela. Gainera, herriko enpresei langileen bizitzak babestea galdegin die erakundeak: "Udalerri osoko enpresek herriarekin eta herritarrekin duten gutxieneko konpromisoak hala exijitzen duelako, egoera guztietan langile ororen bizitzak babestea eskatzen diogu, oinarrizko baldintza gisa eta lehentasun absolutu gisa". Udalak bat egin du heriotza salatzeko eta familiari elkartasuna eta babesa adierazteko antolatuko dituzten deialdiekin, eta herritarrei protesta horietara batzeko deia egin die.

ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek deituta, bihar, asteazkena, lan istripua eta 50 urteko gizonaren heriotza salatzeko elkarretaratzea izango da. 12:30erako jarri dute hitzordua, plazan.

Erreakzio ugari

Lan heriotza salatzeko eta hildakoaren familiari elkartasuna adierazteko erreakzioak berehalakoak izan ziren atzo bertan. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, esaterako, doluminak helarazi dizkie senideei, eta gertaera salatu du: "Guretzat ez da lan istripu bat, bizitzak lehentasuna duen kasuak ez direlako istripuak izaten". Azpeitiko EAJk ere doluminak agertu dizkie zendu den beharginaren senideei eta lagunei.

LAB sindikatuak, berriz, gogorarazi du aurten, gutxienez, hemezortzi lagun hil direla istripuz Euskal Herrian. "Aurten sektore horretan eta antzeko egoeran izan den bigarren heriotza da Zestoakoa. Ez da posible ezaugarri berak dituzten istripuak gertatzea urtero; ez dituzte eraginkorrak diren neurriak hartzen. Noiz hartuko dituzte benetako neurriak? Eta noiz hartuko dituzte segurtasuna eta langileak lehenetsiko dituzten neurri eraginkorrak?". LABek basogintzan lanean aritzen diren enpresei "kontrol jarraia, zehatza eta zorrotza" egiteko eskatu dio Osalani. Izan ere, sindikatuaren arabera, istripuak lan baldintzek eta ekoizpen ereduak eragiten dituzte.

ELA sindikatuak ere prekarietatea izan du jomugan: "Lan erritmo jasanezinak, lan jardunaldi amaigabeak eta sektoreko hitzarmen nahiz prebentzio arauei muzin egitea ohiko egoera eta praktikak bilakatu dira". Egoeraren larritasuna aintzat hartuta, honako mezu hau zabaldu du ELAk: "Alde batetik, prebentzio neurriak betetzen direla ziurtatzeko jarraipen zorrotza egitea exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari; eta bestetik, langile askoren heriotza eragin duen prekarietateari aurre egiteko antolatzera deitzen ditugu langileak".

Elkar-ekin taldeak ere elkartasuna adierazi die gaur lan istripuan hil diren bi pertsonen gertukoei, eta taldeak azpimarratu du "berez gordina den prekarietatea" areagotu egiten dela pertsona migranteen kasuan.