Taldekideen eta zaleen agurra jaso dute Orbegozok eta Aranburuk

Uztarria.eus 2019ko mai. 12a, 15:59

Agur ukitua izan zuen Lagun Onakek eta San Ignaciok atzo Garmendipe futbol zelaian jokatutako partidak. Denboraldiaren hondarra denez, omenaldietarako tartea izan zen atzokoan; izan ere, Lagun Onakek 2018-2019 denboraldian etxean jokatutako azken partida izan zen atzokoa. Neurketa hasi aurretik omenaldia jaso zuten Jon Orbegozo eta Julen Aranburu futbolari azpeitiarrek; izan ere, denboraldia bukatzean futbola utziko dute bi kirolariek. Oroigarri bana eman zioten taldekideek Orbegozori eta Aranbururi; sinatutako kamiseta bana jaso zuen bakoitzak. Ondoren, bi futbolariek jokatu zuten San Ignacioren kontrako partida, baina ezin izan zuten neurketa irabazi: 0-0 bukatu zen lehia.

Orbegozok 34 urte ditu, eta Lagun Onaken ez ezik, Amorebietan, Lemoan eta Barakaldon osatu ditu futbol ibilbideko hainbat denboraldi. Azken bi denboraldiak Lagun Onaken egin ditu aurrelariak. Aranburuk, berriz, 30 urte ditu, eta Lagun Onaken hasi eta bukatu du ibilbide profesionala. Hark bost denboralditan jokatu du Lagun Onaken gizonen lehen taldearekin Espainiako Hirugarren Mailan.

Hona hemen, atzoko omenaldiko irudi batzuk (Juan Mari Amenabar):