Etxeberria IV.ak erremontea utziko du

Uztarria.eus 2019ko mai. 11a, 12:18

Lan kontuak tarteko hartu du erremontea uzteko erabakia urrestildarrak. Hamahiru urte egin ditu profesionaletan Etxeberria IV.ak, eta 600 partidatik gora jokatu ditu. Hainbat lesio izan ditu kirol ibilbidean, eta horiek hainbat hilabetez pilotalekuetatik urruntzea eragin diote. 2014an bi txapelketa irabazi zituen: San Fermin torneoa eta Sagardoaren Txapelketa.

Aritz Etxeberria Etxeberria IV.a (Urrestilla, 1987) erremontistak kirol horretako ibilbide profesionala uztea erabaki du. Oriamendi enpresak jakinarazi duenez, lan kontuak tarteko hartu du erremontea uzteko erabakia urrestildarrak, zaila zitzaiolako lana eta kirola uztartzea. Hamahiru urte egin ditu profesionaletan Etxeberria IV.ak; 2006an egin zuen debuta Hernaniko Galarreta pilotalekuan, 18 urte zituela. Profesional ibilbidean, 600dik gora partida jokatu ditu aurrelariak.

Oriamendik ohar bidez azaldu duenez, "talentu" handiko kirolaria zen, baina lesioek arazoak sortu dizkiote. 2011n, adibidez, lesio larri bat izan zuen eskafoidean, eta urtebetez pilotalekuetatik urrundu behar izan zuen. 2015ean, ibilbide oparoa egiten ari zen sasoian, beste lesio bat izan zuen, eta hiru urtetan hamalau hilabetez izan zen erremontean aritu ezinik. Hala eta guztiz, lorpenen zerrenda osatu du Etxeberria IV.ak urteotan; izan ere, 2014an San Fermin torneoa irabazi zuen, eta urte hartako Sagardoaren Txapelketa ere bai. Bi lehia horiek Ion Etxeberria azpeitiarra bikote zuela irabazi zituen.

Oriamendi2010 erremonte enpresak eskerrak eman dizkio urrestildarrari erremonteari eskainitako denboragatik eta profesionaltasunagatik, eta esan du zorterik onena opa diola aro berrian.