Mailaz igotzeko lehian da Lagun Onakeko gizonen bigarren taldea

Uztarria.eus 2019ko mai. 9a, 12:54
Lagun Onaken Gorengoen Mailako taldea. (Lagun Onak)

Lagun Onakeko gizonen bigarren taldeko kideek Ohorezko Erregional Mailara igotzeko txartela izango dute jokoan zapatuan, Lazkaoren kontra etxetik kanpo jokatuko duen partidan. Mailaz igotzeko larunbateko partida irabazi egin behar du Lagun Onakek, baina garaipena ez du aski izango horretarako. Mailaz igotzea lortzen badu, Udalak harrera egingo dio taldeari zapatuan bertan.

Lagun Onakeko gizonen Gorengoen Mailako taldeak denboraldiko azken jardunaldia jokatuko du zapatuan. Ez da nolanahiko partida izango; izan ere, Ohorezko Erregional Mailara igotzeko txartela izango dute jokoan. Lazkao taldearen kontra neurtuko ditu indarrak Lagun Onakek, Lazkaoko Arizti Handi futbol zelaian, 17:30ean hasita. Mailaz igotzeko larunbateko partida irabazi egin behar du Lagun Onakek, baina garaipena ez du aski izango horretarako; izan ere, Aloña Mendi eta Urola taldeen arteko neurketaren emaitzak ere izango du eragina.

Sailkapeneko lehen hiru taldeek dute mailaz igotzeko aukera: Urola, Lagun Onak eta Aloña Mendi. Beraz, hiru talde horien artean izango da lehia asteburuan. Lagun Onakek neruketa irabazita ere, Urola taldeak galdu egin beharko du Aloña Mendiren kontrako partida. Aloña Mendiren eta Urolaren arteko partida berdinketan bukatzen bada, berriz, Lagun Onakek bederatzi goleko aldearekin irabazi beharko du Lazkaoren kontrako norgehiagoka. Dena den, zuzenean igotzerik lortzen ez badu, play offak jokatzeko aukera izan dezake Lagun Onakek; Lazkaoko partida irabazten badu, ziur izango du igoera faserako txartela Azpeitiko taldeak.

Larunbatean mailaz igotzen bada, Udalak harrera egingo dio Lagun Onaken Gorengoen Mailako taldeari; 20:30 aldean izango da harrera ekitaldia, udaletxean.

Orbegozoren eta Aranbururen agurra

Lagun Onaken Espainiako Hirugarren Mailako taldeak denboraldiko azken neurketa jokatuko du Garmendipe futbol zelaian, San Ignacioren kontra. Denboraldia agurtzeko bi partida falta zaizkio gizonen taldeari, baina agur kutsua izango du larunbateko neurketak. Hain zuzen ere, Jon Orbegozo eta Julen Aranburu jokalari azpeitiarrek etxean jokatuko duten azken neurketa izango da, eta horiei omenaldia egingo die Lagun Onakek partida hasi aurretik. Egun, sailkapeneko bederatzigarren postuan da Hirugarren Mailako taldea.