Dagoeneko eska daitezke etxebizitzen alokairurako dirulaguntzak

Uztarria.eus 2019ko mai. 8a, 15:06

18 eta 35 urte bitarteko gazteek, banatutako herritarrek, 70 urtetik gorakoek, mugikortasun arazoak dituztenek eta alargunek eska ditzakete alokairua ordaintzeko dirulaguntzak. Urriaren 15ean itxiko da eskaerak egiteko epea. Udalak 180.000 euroko diru poltsa jarri du aurten ere alokairurako dirulaguntzetarako.

Udalak zabaldu du etxebizitzen alokairurako dirulaguntzak eskatzeko epea. Atzoko udalbatzarrean aho batez onartu zuten udaleko ordezkariek 2019ko dirulaguntza deialdia egitea, eta herritarrek urriaren 15a bitartean eskatu ahal izango dituzte horiek. Azken urteetako moduan, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek, banatuta edo dibortziatuta dauden herritarrek, 70 urtetik gorakoek, mugikortasun arazoak dituztenek eta alargunek eska ditzakete alokairua ordaintzeko laguntzak. Udalak aurten ere 180.000 euro bideratuko ditu alokairurako diru laguntzetara.

Eskatzaileei emango zaien diru kopurua eskaera egin duen pertsonaren diru sarreren araberakoa izango da. Honako irizpide hauei jarraituko die Udalak eskaera egin dutenei dirulaguntzak banatzerakoan: 

  • 0 euro eta 15.000 euro artean: alokairuaren %50 ordainduko zaio.
  • 15.000 euro eta 21.000 euro artean: alokairuaren %40 ordainduko zaio.
  • 21.000 euro eta 30.000 euro artea: alokairuaren %30 ordainduko zaio.
  • 30.000 euro eta 35.000 euro artean: alokairuaren %20 ordainduko zaio

Dirulaguntzak eskatzen dituztenen alokairuaren errentak hilero 550 euro baino gutxiagokoa izan behar du. Hori horrela, honako hauek dira Udalak eskainiko dituen laguntzak:

  • Alokairua ordaintzeko, gehienez, 250 euro hilean.
  • Alde Zaharrean alokairuan bizitzen jartzen direnek 50 euro gehiagoko laguntza jasoko dute hilero. Beraz, Alde Zaharrean etxea alokatuz gero, gehienez, 300 euroko languntza izango dute.
  • Laguntza hamabi hilabetekoa izango da.

Dirulaguntza eskatzen duten herritarrek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute udaletxean:

  • Eskabide-orria, behar bezala beteta eta sinatuta.
  • Laguntza eskatzen duen pertsona bakoitzaren NANaren edo egoitza txartelaren kopia. Adin txikikorik balego, Familia Liburuaren kopia ere aurkeztu beharko da. Azken agiri hori kasu guztietan aurkeztu beharko da senidetasuna egiaztatzeko, baldin eta ondorengotza alegatu bada.
  • Etxebizitzaren alokairu kontratuaren kopia, indarrean dagoena eta diruz lagundu daitekeen epearen barnekoa.
  • Kontu Korrontearen titularitatea egiaztatzen duen agiria.
  • Estatu mailan etxebizitzaren jabe ez izatearen ziurtagiria, laguntza eskatzen duten 18 urtetik gorako kide guztiena, jabetza erregistroak igorria eta laguntza eskaera eman baino gehienez 15 egun lehenagokoa.

Azpeitiko Udala 2014an hasi zen etxebizitzak alokatu ahal izateko dirulaguntzak ematen, eta horiek izan duten "arrakasta" ikusita, sail hori urtez-urte "beharretara egokitzen" aritu dela adierazi du erakundeak. Leire Goenaga zinegotziak azaldu du orain dela sei urte Azpeitikoa izan zela halako laguntza bat martxan jarri zuen lehen udaletakoa. "Baina pixkanaka, herriz herri zabaltzen joan dira horrelako dirulaguntzak, eta Eusko Jaurlaritzak ere urte hasieran onartu zuen antzeko laguntza bat". Goenagak azaldu duenez, erakundearen helburu nagusienetakoa izan da herritarren etxebizitza beharrei erantzutea: "Etxe hutsak alokairura ateratzeko helburutik abiatuta osatu duen etxebizitza politika jarraitu eta politika berri bat jarri dugu martxan".

Erakundeak adierazi du, Udalak Iraurgi Berritzenen bitartez eta Eusko Jaurlaritzarekin egin duen hitzarmenaren bidez, alokairurako etxebizitza "eskaintza zabala" izango dela herrian epe ertaindean. Izan ere, Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmen bat du egina Udalak, Esklabetako eraikinean gazteei zuzendutako alokairu sozialeko 48 etxebizitza eraikitzeko. Proiektua aurrera doala adierazi du erakundeak, eta aurreratu du irailean hasiko dituztela obrak. Horrez gain, Elizkalean alokairurako hamabi etxebizitza egingo ditu Udalak, eta horiek ere alokairura bideratuko dituzte.

2.400 euro batez beste, iaz

Aitor Bereziartua zinegotziak azaldu duenez, azken bost urtetan alokairurako 400 bat laguntza banatu ditu Udalak. Hark azaldu duenez, herritarren etxebizitza beharrari erantzuteko erakundeak hartu zuen lehen neurrietakoa izan zen dirulaguntzena. "Azken bost urteotan banatu da dirulaguntza, alokairua ordaintzeko arazoak dituzten herritarrei laguntzeko, herriko etxe hutsak merkaturatzeko, alokairua sustatzeko eta Alde Zaharra biziberritzen jarraitzeko".

Iazko dirulaguntzen datuak ere eman ditu erakundeak, eta adierazi du 180.000 euroko diru poltsarekin 75 lagunek jaso zutela laguntza. Horiek eskuratu zituzten kolektiboei dagokienez, onuradun gehienak 18 eta 35 urteko gazteak direla adierazi du; izan ere, laguntza eskaini zaien 75 lagunetatik 61 dira adin tarte horretakoak. Bestalde, 70 urtetik gorako hiru herritarrek eta banatutako hamar lagunek ere jaso zuten laguntza iaz. Laguntza jaso duten 77 herritarretatik 29k lehen aldiz eskatu zuten iaz sostengua. Bestalde, alokairuko etxebizitzen batez besteko errenta 488,38 eurokoa izan zela adierazi du Udalak, eta Alde Zaharrean alokairuan dauden 28 lagunek jaso zutene laguntza. Gainera, erakundeak jakinarazi du laguntza jaso duen herritar bakoitzak, batez beste, 2.400 euro eskuratu zituela iaz alokairua ordaintzeko.

Lehen urteetan gazteei zuzenduta jarri zituen martxan dirulaguntzak udalak, baina erakundeak adierazi duenez, "sostengu ekonomikoa behar zuten kolektibo gehiago bazirela ohartuta", 70 urtetik gorakoei eta banatutako herritarrei ere eman zieten laguntza horiek eskuratzeko aukera. "Urtez urte, eskaera gehiago iristen dira, eta dirulaguntzen beharra nabarmena da", azaldu du Bereziartuak.