Erreferendumaren aldeko herri ekimena aurkeztuko du Gure Eskuk Azpeitian

Uztarria.eus 2019ko mai. 8a, 12:15

2016an Azpeitian egin zen independentziari buruzko herri galdeketako irudia.

Gure Eskuk hamabi aurkezpen saio egingo ditu Euskal Herriko hainbat txokotan, eta horietako bat Azpeitian izango da. Hain zuzen ere, maiatzaren 21ean, asteartez, egingo dute saioa, Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita.

Gure Esku dinamikak erreferendumaren aldeko herri ekimenaren aurkezpen bira egingo du Euskal Herrian hilaren 13an hasita –Barakaldon (Bizkaia) egingo dute lehen saioa–, eta ekainaren 6a bitartean hainbat herritan egingo ditu aurkezpen ekitaldiak. Saio horietako bat Azpeitian egingo du Gure Eskuk, hain zuzen ere, maitzaren 21ean, asteartea, Sanagustin kulturgunean egingo du ekitaldia, 19:00etan hasita.

Dinamikak azaldu duenez, etapa berrirako "helburu argi bat" mahaigaineratu zuen Gure Eskuk martxoaren 31n, Bilboko Euskalduna jauregian egindako ekitaldian: "Gure etorkizuna erreferendum bidez erabakitzea posible egitea". Horretarako, "erronka kolektibo" bat izateko helburua duen herri ekimena sustatuko du dinamikak. Ohar bidez azaldu duenez, egitasmoa "mota guztietako eragileekin" ari da partekatzen Gure Esku, eta aurkezpen birarekin herriaren "konplizitatea eta konpromisoa" lortu nahi ditu. Gure Eskuk ez ditu aurkezpen biraren gaineko xehetasunak eman, baina azaldu du Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu dinamikaren bozeramaileek parte hartuko dutela saioetan.