Ahalduntzea, adin guztietan

Gipuzkoako Hitza 2019ko mai. 3a, 12:56
Hiru emakume, Azpeitiko plazan, hizketan.

Maiatzaren 9tik aurrera, 65 urtetik gorako emakumeentzako formakuntza saioak egingo dituzte Azpeitiko Emakumeen Txokoan. Elikadura kontzienteaz, pentsioez eta sexualitateaz arituko dira saio horietan. Gipuzkoako Hitzak erreportajea osatu du.

Urteak dira Azpeitiko Emakumeen Txokoan Jabetze Eskolak antolatzen dituztela. Emakumeei euren buruaren eta bizitzaren jabe izateko erremintak eta baliabideak eskaintzea da eskola horien helburua. Hainbat ikastaro eta tailer egiten dituzte horretarako, eta parte hartzaileei prestakuntzarako eta hausnarketarako aukera ematen diete gune horietan. Halaxe egin dute ikasturte honetan ere, baina bada berrikuntza bat: 65 urtetik gorako emakumeei soilik zuzendutako hainbat formakuntza saio antolatu dituzte Azpeitiko Udalak eta Emakumeen Txokoak. Maiatzaren 9an, 13an eta 23an egingo dituzte doako saio horiek, eta elikadura, sexualitatea eta pentsioak izango dituzte hizketagai. Doluari buruzko beste saio bat ere eginda daude aurretik.

Miriam Herbon hezkuntza emozionalean adituak hasiko ditu maiatzeko saioak. Hilaren 9an izango da, eta elikadura kontzienteari buruz ariko da, 15:00etatik 17:00etara, Emakumeen Txokoan. Maiatzaren 13an, sexualitateaz jardungo du Edurne Mendizabal Arremanitz kooperatibako kideak, 15:30etik 17:00etara egingo duten saioan. Eta maiatzaren 23an amaituko dute egitasmoa, emakumeen pentsioei buruzko saioarekin. Isabel Otxoa EHUko irakasle eta ekintzaileak gidatuko du azken saio hori, 17:00etatik 18:30era.

Soilik 65 urtetik gorako emakumeentzako ikastaroak antolatzeko erabakia hainbat arrazoigatik hartu dutela azaldu du Ione de la Cruz Azpeitiko Emakumeen Txokoko dinamizatzaileak. Batetik, saio horiek baliagarriak izango direlako adin tarte horretako emakumeak Txokora hurbiltzeko; eta, bestetik, Azpeitiko 65 urtetik gorako emakumeen behar espezifikoei erantzuten dietelako. "Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak ardura hartu du emakume askotarikoen beharrei erantzuteko. Horregatik, ikuspegi intersekzional batetik, emakume eta adineko izateagatik jasaten duten zapalkuntza bikoitzari aurre egiteko prozesuak abiatu ditu egitasmo honekin". Horrekin ez du esan nahi gizonekin lanketak egitea beharrezkoa ez denik. "Baina beste nolakotasun bat izango dute haiei zuzendutakoek".

Formakuntza saioetan landuko dituzten gaiak aukeratzeko, kontuan izan dituzte 65 urtetik gorako herriko emakumeen beharrak. Adibidez, doluari eta elikadurari buruzko saioak antolatu dituzte adin tarte horretako herriko emakumeei egindako inkesta batean gai horiek lantzeko beharra nabarmendu zutelako. "Feminismoak emandako ezagutzak ere erabakigarriak izan dira", De la Cruzen esanetan.

Erreportaje osoa irakurtzeko egin klik hemen.