Lemy River eta Anai taldeen kontzertuak izango dira zapatuan, Sanagustinen

Uztarria.eus 2019ko api. 25a, 13:44

Rock progesiboaz, popaz nahiz psikodeliaz gozatzeko aukera izango da bi taldeen eskutik, 19:00etatik aurrera. Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituaren barruan eskainiko dituzte kontzertuak.

Lemy River eta Anai taldeek musikaz beteko dute etzi, zapatua, Sanagustin kulturgunea. Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituaren barruan eskainiko dituzte kontzertuak bi taldeek, eta 19:00etatik aurrera, estilo desberdinez gozatzeko aukera izango du hara bertaratzen den publikoak.

Lemy Riverrek proiektu berria hasi du Bartzelonatik Euskal Herrira itzuli denetik, eta entzuleak horren lekuko izango dira Sanagustinen. Iban Martin Lemy, Mikel Benito –baxua–, Joseba De Arriba –gitarra eta teklatuak– eta Roberto Granado –bateria elektronikoa– dira taldeko kideak, eta popa, psikodelia eta elektronikoa nahasten dituzte abestietan. Taldeak joan zen martxoak kaleratu zuen Control abestia, eta laster ikusiko du argia lehen EPak.

Anai taldea, berriz, Astigarragan sortutako bikotea da, eta energiaz betetako rock progesiboa sortzen dute gitarraren, ahotsaren eta bateriaren bidez. Iaz kaleratu zuten zazpi abestiz osatutako lehen EPa: Pentsatu, Eraiki. Hango abestiak aurkeztuko dituzte zapatuko kontzertuan.