'Dolor y Gloria' eta 'Alfonbra magikoa' filmak emango dituzte asteburuan Soreasun

Uztarria.eus 2019ko api. 25a, 11:24

Dolor y Gloria eta Alfonbra magikoa filmak ikusteko aukera izango da datozen egunetan Soreasu antzokian. Zapatuan (22:00), igandean (19:30) eta astelehenean, ikuslearen egunean (21:00), emango dute Dolor y Gloria filma; Alfonbra magikoa, berriz, igandean ikusteko aukera izango da, 16:30ean.

Dolor y Gloria (Espainia, 2019) Pedro Almodovarrek zuzendutako filma da. Salvador Mallo zine zuzendariaren istorioa du ardatz lanak: protagonista berriz elkartuko da bere bizitzako hainbat gertakari zein pertsonaiekin. Elkartze batzuk fisikoak izango dira, eta beste batzuetan aurrez bizitakoak oroituko ditu Mallok: haurtzaroa, lehen desioak, aurreneko maitasun harremana...

Igandean, berriz, umeei zuzendutako Alfonbra magikoa animaziozko lana ikusi ahal izango da, euskaraz. Mila gau eta bat gehiago ipuin sortako kontakizunean oinarrituta dago filma, eta mutiko baten abenturak kontatzen ditu. Bere auntz leiala, alfonbra hegalaria eta neskatila bat lagun dituela, munduan barrena abiatuko da protagonista, eta protagonistak hainbat etsai mendean hartu beharko ditu bidaia horretan zehar.