60 lagunetik gora, pinuaren gaitzaren inguruko hitzaldian

Uztarria.eus 2019ko api. 17a, 14:17

Zer ari da gertatzen pinuarekin? hitzaldia izan zen atzo, asteartea, Baigera aretoan, eta jende ugari bertaratu zen; guztira, 60 lagunetik gora. Inguruotako pinuak gaitzak jota daude, eta gertatzen ari dena mahai gainean jarri zuten Naturkon elkarteko Aitziber Sarobek eta Iñaki Aizpuruk. Zenbait ekologista taldetako kideak dira bi hizlariak, eta beraien ikuspegia azaldu zuten atzoko saioan. Pinuaren gaitzaren ondorioz, Gipuzkoako eta Bizkaiko pinudi ugari botatzen ari da jendea, eta horren aurrean zer egin daitekeen izan zuten hizpide. Antolatzaileen arabera, "arrakastatsua" izan zen solasaldia. "Nabaria da gure basoetako gaur egungo egoerak baserritarren eta naturzaleen artean kezka handia sortu duela", azaldu dute.