Añares ISBk igoera fasea jokatuko du

Uztarria.eus 2019ko api. 14a, 12:03
Añares ISBko familia lorpena ospatzen, atzo, Leonen. (ISB)

Espainiako LF2tik maila gorenera igotzeko txartelaren bila lehiakuko dira Iraurgikoak apirileko azken asteburuan Kanariar Uharteetan. Atzo, Leonen Hijolusari irabazita (63-71) lortu zuten balentria.

Eskuan du Añares ISBk datorren denboraldian Espainiako saskibaloiaren maila gorenean aritzeko aukera borrokatzea. Atzo, LF2ko fase erregularraren azken jardunaldian, Iraurgikoek 63-71 irabazi zuten Leonen, sailkapenean bigarrena zen Hijolusaren kantxan, eta hil honen bukaeran Kanariar Uharteetan jokatuko den igoera faserako sailkapena lortu zuen, horrenbestez. Atzo galdu arren sailkatzeko beste aukeraren bat izan zezakeen arren, Añaresek bazekien Leongo partida irabaziz gero igoera faserako txartela berea izango zela, besteren edo beste ezeren zain egon gabe, eta biderik motzena eta garbiena egin zuten.

Zortzitik bi igoko dira

Partiden egutegia zehazteke, Añares ISBk badaki dagoeneko igoera fasean zein aurkari egokitu zaizkion. Apirilaren 25etik 28ra, zortzi talde lehiatuko dira Tenerifeko La Laguna herrian jokoan egongo diren igoerako bi txartelen bila. Lauko bi taldetan banatuta, hiru partidako ligaxka jokatuko dute talde bakoitzean. Talde bakoitzeko bi onenak finalaurrekoetara sailkatuko dira, eta finalaurrekoetako irabazleentzat izango dira, finalerako sailkapenaz gain, igoerako bi postuak.

Añares ISBri bigarren multzoa egokitu zaio ligaxka faserako; Campus Promete, ISE CB Almería eta atzoko aurkaria, Hijolusa, izango ditu lehiakide.

Lehen Mailan arituak

Duela hiru urte, Espainiako Lehen Mailan ari zen lehiatzen Iraurgi Saskibaloiaren emakumeen talde nagusia. 2015-2016 denboraldi hartakoa, ordea, ezusteko esperientzia izan zen. Aurreko sasoian, LF2n lehiatzeko txartela irabazi zuten Iraurgikoek, baina kirol burokraziaren txiribuelta zelebre bat tarteko, kirol mailaz zegokiona baino maila bat gorago lehiatzera derrigortuta egon ziren Azpeiti-Azkoitikoak.

Maila galduta, 2016-2017tik ari da Añares ISB LF2n jokatzen. Orain, lehen halabeharrez egokitu zitzaien maila gorenera itzultzeko aukera jokoan izango dute, eta oraingoan kantxan. Ez da erraza izango, igoera fasean sartzea bera ez da balentria txikia izan, baina aukera hor dute.