Julen Lopetegi 23 urtez azpikoetan txapeldun, Santo Domingo de la Calzadako duatloian

Uztarria.eus 2019ko api. 8a, 12:38

Distantzia erdiko duatloia jokatu zuten atzo, igandea, Santo Domingo de la Calzadan (Errioxa, Espainia), eta proba horretan lehiatu ziren Azkoitri Azkoitiko triatloi taldeko hainbat kide. Horien artean izan zen Julen Lopetegi, eta 23 urtez azpikoen mailan lehenengo postua lortu zuen azpeitiarrak. Sailkapen orokorrean, berriz, laugarren postuan helmugaratu zen gaztea, 2:43:46 eginda. Andoni Aranaga klubeko beste kideetako bat ere igo zen podiumera; hain zuzen ere, beteranoen 1. mailan bigarren postuan sailkatu zen azkoitiarra. Parte hartzaileek 12 kilometro egin zituzten korrika, eta ondoren, bizikletan beste 60 kilometro egin zituzten. Proba amaitzeko, berriz, beste sei kilometroko ibilbidea izan zuten lasterka egiteko.