Oier Ibarguren bitan igo da podiumera Memorial Valenciaga proban

Uztarria.eus 2019ko api. 8a, 10:25
Oier Ibarguren podiumean, atzo. (Baque Ideus BH)

Atzo, igandea, jokatu zuten 23 urtez azpikoen Espainiako Koparen barruko proba. 170 kilometroko ibilbidea egin zuten txirrindulariek, eta azpeitiarra bitan igo zen podiumera: tarteko helmugako saria eta konbinatuaren saria jaso zituen. Baque Ideus BH taldeko txirrindularia "gustura" da lorpenak tarteko.

Oier Ibarguren Baque Ideus BH taldeko txirrindulariak lan bikaina egin zuen atzo, igandea, Eibarren jokatutako Memorial Valenciagaren 19. edizioan. Sailkapen orokorreko lehen hiru postuetan sailkatzerik izan ez bazuen ere, bitan igo zen azpeitiarra podiumera; izan ere, tarteko helmugako saria eta konbinatuaren saria jaso zituen. 170 kilometroko ibilbidea egin behar izan zuten txirrindulariek, eta Azpeititik ere igaro ziren horiek. Hain zuzen ere, Azpeititik pasatu zen lehen txirrindularia izan zen Ibarguren.

23 urtez azpikoen Espainiako Kopako zazpigarren proba izan zen atzokoa, eta Ibarguren "gustura" da egindako lanarekin. Hark Uztarria.eus-i azaldu dioenez, bazekien proba ez zela berarentzat modukoa: "Bukaera gogorra zuen lasterketak, eta lortu nuen lehenago alde egitea eta protagonista izatea. Podiumera igotzea lortu nuen, eta oso gustura nago. Gainera, Azpeititik aurrena igarotzea ere ederra izan zen".

Denboraldi bat egin ostean, azpeitiarrak kontratua berritu zuen iaz Baque Ideus BH taldearekin. 23 urtez azpikoen mailan lau denboraldi izan ohi dira, eta martxan den sasoia izango du maila horretako azkena Ibargurenek. Lehen bi denboraldiak Jira-Bira Cycling eta Zarauzko Grupo Eulenen egin zituen.