Azpeitiko eta Hazparneko musika eskolek kontzertua emango dute Izturitzen hilaren 12an

Uztarria.eus 2019ko api. 5a, 18:22
Soreasun entseatu zuten Azpeitiko eta Hazparneko musika eskoletakoek joan den igandean. (Aitor Bereziartua)

Azpeitiaren eta Hazparneren arteko senidetza hartu-emanen barruan prestatu dute Nafarroa Behereko herrian egingo duten emanaldia Juan Antxieta eta Soinu Bila musika eskolek. Emanaldi bera Azpeitian ere egin nahi dute, aurrerago.

Azpeitiaren eta Hazparneren (Lapurdi) senidetza harremanaren barruan, bi herrietako musika eskolei egokitu zaie oraingoan elkartrukea sustatzea. Azpeitiko Juan Antxieta eta Hazparneko Soinu Bila musika eskolak elkarlanean ari dira azken asteotan, eta elkarlan horren fruituak ikusteko eta entzuteko aukera izango da gaur zortzi, apirilaren 12an, Izturitzen (Nafarroa Beherea). Bi musika eskoletako ikasleek kontzertua emango dute han, eta emanaldi hori prestatzeko, joan den igandean Azpeitian izan ziren Hazparneko musika eskolakoak. Soreasun entseatu zuten bi eskoletako ikasleek, eta ondoren Sanagustin kulturgunean bazkaldu zuten Hazparnekoek, Azpeitiko Udaleko eta musika eskolako ordezkariekin batera.

Apirilaren 12an, bi autobus irtengo dira Azpeititik Izturitzera. Juan Antxietako 90 bat kide joango dira, ikasleak eta irakasleak; Banda Gaztekoek, abesbatzakoek, trikitilariek eta txistulariek parte hartuko dute, besteak beste, Izturitzeko emanaldian. Musika eskolakoen hainbat guraso eta Azpeitiko udal ordezkariak ere joango dira Nafarroa Beherera; guztira, bidaiarako ehundik gora lagun elkartzea espero dute musika eskolakoek.

Azpeitian ere bai

Elkartrukea osatzeko, Azpeitian ere egin asmo dute bi musika eskolek datorren astean Izturitzen eskainiko duten kontzertuaren parekoa. Momentuz ez dute data zehaztu, baina bi herrietako ordezkariak ari dira Azpeitian ere kontzertua antolatu nahian.