Greziako brigadan ikasitakoa, Azpeitiko Gaztetxera eramateko prest

Uztarria.eus 2019ko mar. 25a, 13:17

2018ko udan Greziara joandako brigadistak Kreta uhartean.

Grezia.Troikaren Europako kolonia hitzaldia eskainiko dute gaur Azpeitiko Gaztetxean iaz Greziara joandako brigadistek. Hitzaldian zehar Greziako egoera politikoaren analisia egin eta Europako Batasunak ezarritako neurrien ondorioak azalduko dituzte hizlariek. Horrez gain, Grezian ezagututako okupazio esperientziak nahiz proiektu sozialak izango dituzte hizpide.

Askapena Euskal Herriko erakunde internazionalistak Europako Batasunaren (EB) gaineko Astindu Europa jardunaldi kritikoak antolatu ditu bigarren urtez jarraian, "EBren inguruko analisi kritikoa herrira ekartzeko eta lantzeko". Jardunaldiak amaitzear daude jada; izan ere, gaur, astelehena, eskainiko dute jardunaldien barruko hirugarren eta azken solasaldia.  

Iazko udan Euskal Herriko Askapena erakunde internazionalistarekin Greziara joandako brigadistek eskainiko dute hitzaldia gaur, astelehena, Azpeitiko Gaztetxean, 18:30ean hasita. Bertan, Greziara egindako brigadan ikusitakoak eta ikasitakoak kontatu ez ezik, egoera politikoaren gaineko analisia egingo dute gaurko hizlariek. Grezia.Troikaren Europako kolonia izenburupean eskainiko dute hitzaldia, eta hizpide izango dituzte besteak beste, Troikak zein Europako Batasunak Greziaren gainean hartutako eta ezarritako neurrien ondorio politikoak, sozialak eta ekonomikoak, eta horien aurrean sortutako burujabetza esperientziak eta borrokak.

Hain zuzen, Atenasen, Thessalonikan eta Kretan ezagututako hainbat okupazio esperientziaren eta proiektu sozialen inguruko azalpenak eskainiko dituzte gaurko hizlariek. Esaterako, hizpide izango dituzte Atenasko Mesopotamia eskola soziala, Atenasko eta Thessalonikako kontsumo kooperatibak, Biome lantegi okupatua, Atenasko Metropolitan klinika soziala, errefuxiatuen afera eta hezkuntza arloko erreformak. Horrez gain, Askapenak 2019rako antolatu dituen brigaden inguruko informazioa emango dute gaurkoan.