Berria egunkariak antolatzen duen XVI. Berria Txapelketa hastear da. Joan den larunbatean egin zuten txapelketaren aurkezpen ekitaldia, Astigarragako (Gipuzkoa) Petritegi sagardotegian —hura da txapelketaren babeslea—. Euskal Herriko pilota elkarte onenek parte hartuko dute bertan, eta haien artean da Azpeitiko Ilunpe. Gipuzkoak zortzi ordezkaritza izango ditu; Nafarroak, zazpi; Bizkaiak, sei, eta Arabak, bi. Gainera, nabarmentzeko berritasun bat izango da aurtengo ekitaldian: Bartzelonako Nafarren Etxea elkarteak ere parte hartuko du.
Datorren asteburuan hasiko da lehia, eta ekainaren 22an amaituko da, Hernanin (Gipuzkoa). Final hamaseirenetan hasiko da txapelketa, eta Azpeitiko pilotariak final zortzirenetan batuko dira lehiara. Hain zuzen ere, maiatzaren 12an jokatuko dute lehen kanporaketa.
Sariei dagokienez, irabazleak 3.000 euro eskuratuko ditu, txapelaz eta garaikurrez gain. Txapeldunordeak 2.000 euroko saria izango du, eta hirugarren eta laugarren sailkatuek, 1.000 bana eurokoa. Final-laurdenetan kanporatzen direnek, berriz, Petritegi sagardotegian zortzi lagunentzako afaria eskuratuko dute.