Sapaliren kontzertuarekin bukatu dira Arrazakeriaren Kontrako Egunari lotutako ekintzak

Uztarria.eus 2019ko mar. 25a, 10:58

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Kontrako Nazioarteko Egunaren aldarriak Senegalgo Sapali Keur Gui taldearen kontzertuarekin bukatu ziren atzo arratsaldean. Elkar-Ekinek antolatuta, hainbat ekintza egin da Azpeitian xenofobiarik ez. Inor ez da ilegala lelo hartuta. Sapali taldeko musikariak atzo arratsaldean kalejira egin zuten aurrena, eta segidan, kontzertua eskaini zuten Sanagustin kulturgunean. Senegalgo dantzak eta doinuak eskaini zituzten.

Kontzertuan Bouba Diouf Bilbon bizi den senegaldarrak hitza hartu zuen euskaraz, eta migratzaileek dituzten arazoen eta oztopoen inguruan hitz egin zuen; 2015etik bizi da Euskal Herrian. Gaur egun, sukaldaritza ikasten ari dela azaldu zuen, eta asteburuetan kale saltzaile aritzen dela, "bizi ahal izateko dirua lortzeko, eta Senegalen dudan familiari laguntzeko; han hiru alaba eta emaztea bizi dira". Senegalen arrantzale egiten zuen lana, baina 2012an lanik gabe gelditu zen Diouf: "Mauritaniak eta Espainiak hitzarmena bertan behera utzi ostean". Hiru urte lanik gabe egon ondoren, erabaki zuen Senegal utzi eta Euskal Herrira etortzea. Euskal Herrian bizitzeko euskara jakitea "oso garrantzitsua" dela adierazi zuen, "bertakoek errespetatzeko hobeto da euskaraz jakitea".

Migratzaileen egoera "gogorra" dela nabarmendu, eta gauzak lortzeko borrokatu beharra aldarrikatu zuen Dioufek. "Jende batek uste du migratzaileon kontua krimen bat dela, baina askotan gure herria uztera behartu egiten gaituzte". Mbolo kooperatiba elkartea dute sortuta kale saltzaileek, "gu antolatzeko eta lan merkatu bat sortzeko asmoarekin sortu genuen elkartea". Horren harira, elkarteak, Argia aldizkariarekin elkarlanean, Inor ez da ilegala kamiseta sortu du. Kamiseta horietatik lortzen den diruaren zati bat sortu duten kooperatiba laguntzeko da, eta Argia-ri eskerrak helarazi zizkion proiektuarekin laguntzeagatik.