Lore eskaintza eta ikasleen mobilizazioa, Pasaiako segadaren 35. urteurreneko ekitaldi nagusiaren atarian

Uztarria.eus 2019ko mar. 23a, 11:37

Gaur, 19:00etan, izango da Azoka Plazan Pasaiako segadaren 35. urteurrena dela-eta prestatu duten ekitaldi nagusia. Aurten, estatu indarkeriak hil eta aitortzarik jaso gabe jarraitzen duten hainbat pertsona oroitzeko eta kasu horien memoria aldarrikatzeko baliatuko dute urteurreneko ekitaldia. Horrela, duela 35 urte poliziak Pasaian hildako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak ez ezik, Txiki eta Otaegi, 1976ko martxoaren 3an poliziak Gasteizen hildako langileak, 1978ko sanferminetan Espainiako segurtasun indarrek hildako German Rodriguez, torturen ondorioz hildako Joxe Arregi, Ramon Oñederra Kattu errefuxiatu azkoitiarra –GALek aldarrikatutako lehen hilketa–, 1989ko azaroan Madrilen hil zuten Josu Muguruza eta 1980tik desagertuta dagoen Jose Migel Etxeberria Naparra ekarriko dituzte gogora, eta horien senideak eta ingurukoak Azpeitian izango dira gaur, Pasaiako segadan hildakoenen ondoan.

Gaurkoaren atarian, atzo, Pasaiako segadaren 35. urteurreneko egunean, egin zituzten lehen ekitaldiak. Goizean, herriko ikastetxeetako hainbat ikasle elkartu zen plazan, Pasaiako sarraskia argitu leloa zeraman pankartaren bueltan. Arratsaldean, berriz, urtero legez, Kurroren eta Pelitxoren senideek eta lagunek, hainbat herritarrek babestuta, lore eskaintza egin zuten Enparan dorretxeko zelaiko monolitoan. Pasaian poliziak tiroz hildako lauen argazkiak monolitoaren ondoan jarrita, bertsoekin eta aurresku batekin hasi zen ekitaldia. Maria Pilar Arbelaitzek eta Pello Aizpuruk -Kurroren ama eta anaia- eta Lurdes Isartek -Pelitxoren arreba- ordezkatu zituzten familiak loreak jartzerakoan, eta Isarten hitzartzearekin amaitu zen ekitaldia, bertaratutakoen txaloen artean.