Koloreak, zaporeak eta musika, arrazakeriaren kontra

Uztarria.eus 2019ko mar. 22a, 12:41

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Kontrako Nazioarteko Egunaren aldarriak plazara atera eta aniztasunaren aberastasunarekin jantzi zituzten atzo iluntzean Azpeitian. Elkar-Ekinek antolatuta, hainbat herritar batu zen aurrena plazako kioskoaren aurrean, Azpeitian xenofobiarik ez. Inor ez da ilegala zioen pankartaren atzean. Ordu laurden inguru iraun zuen elkarretaratzearen ondoren, jatorri ezberdinetako azpeitiarrek hartu zuten hitza, eta Sanagustinpean elkartu ziren ondoren, jatorri ezberdinetako hainbat jakiz gozatzeko prestatuta zeuden mahaien bueltan mokadutxoa egitera. Iluntzea borobiltzeko, Horacio musikari txiletarrak emanaldia egin zuen Sanagustinpean bertan.

Atzoko egunaren bueltan antolatutako egitarauak igandean izango du jarraipena, besteak beste, Sapali Keur Gui talde senegaldarrak emango duen kontzertuarekin; 19:30ean izango da, Sanagustin kulturgunean.