Argia ahanzturaren zakuari

Gipuzkoako Hitza 2019ko mar. 22a, 11:18

Gaur dira 35 urte Poliziak Pasaiako badian KAAko lau kide hil zituela, segada batean. Senideek eta Pasaia Argitu taldeak aitortzarik izan ez duten beste hainbat kasu oroituko dituzte bihar, Azpeitian. Gipuzkoako Hitza astekariak auziaren inguruko erreportajea argitaratu du.

"Ez dugu etsiko. Pasaiako badian egin zuten sarraskiak behar duen errekonozimendua eta aitortza jaso bitartean, tinko jarraituko dugu lanean". Rafael Delas Txapas, Jose Mari Izura Pelu, Pedro Mari Isart Pelitxo eta Dioni Aizpuru Kurro-ren senideek aste honetan bertan egindako adierazpenak dira. Azken 35 urteetako balantzea egiteko eta urteurrenaren harira antolatutako ekitaldien berri emateko agerraldia egin zuten herenegun, Azpeitian, lau gazteen senitartekoek eta Pasaia Argitu taldeak. Argia da mezua: sufrimendu guztiek merezi dute aitortza eta erreparazioa, "salbuespenik gabe".

Euskal Herriko gatazka politikoa milaka familiarentzat "tragedia handia" izan dela azaldu dute Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kideen senideek, baina aurrera begira jarri dira aldi berean. Euskal gizartea bakea, bizikidetza eta normalizazio politikoa lortzeko bidean "une erabakigarri batean" dagoela diote, eta aurrera egiteko ezinbesteko baldintza bat bete behar dela: "Tragedia hori aitortu, onartu eta erreparatu beharra dago. Kasu bat bera ere ezin da geratu ahanzturaren zakuan zokoratuta".

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.