Martxoaren 8an

Basanderiek asanblada "gustura" da greba feminista herrian izaten ari den jarraipenarekin

Uztarria.eus 2019ko mar. 8a, 16:39

Basanderiekeko kideek Uztarria.eus-i azaldu diotenez, goizetik batu dira herritarrak egitasmoetara. Kalejirara jende ugari bertaratu dela azpimarratu eta mosaikoa "txukun" atera dela adierazi dute. Arratsaldean hainbat tailer egingo dute, eta 20:00etan, manifestazio zaratatsua. Ehunka lagunek egin dute bat greba feministarekin, eta eragina nabari daiteke herriko zerbitzu publikoetan, ikastetxeetan, saltokietan, tabernetan nahiz lantegietan.

Basanderiek asanblada feminista "gustura" agertu da greba feministak herrian izan duen erantzunarekin. Izan ere, asanbladako kideek azaldu dutenez, goizeko kalejirara jende ugari batu da, eta haiek azaldu dutenez, ez zuten halakorik espero: "Sanjuandegitik plazara jende ugari joan gara kalejiran; arratsaldeko manifestazioaren itxura zuen". Mosaikoan herritarrek izandako parte-hartzeaz ere balorazio positiboa egin dute. "Eguneko ekitaldi indartsuena izango zela uste genuen, eta oso txukun atera da. Jendetza izan da plazan". Bazkaritara batu den herritarren kopuruarekin ere gustura dira Basanderiekeko kideak. Arratsaldeko ekintzei begira dira dagoeneko asanbladako kideak, eta gogorarazi dute 20:00etan manifestazio zaratatsua izango dela.

Ehunka lagunek egin dute gaur Azpeitian bat greba feministarekin eta Basanderiekek antolatutako ekitaldiekin. Grebaren eragina nabaritu da hainbat zerbitzu publikotan; izan ere, besteak beste, gaur itxita dira Gazte Informazio Bulegoa eta Udal Liburutegia. Gainera, Udaleko Erregistroa ere itxita dago, eta dokumenturen bat erregistratu nahi duten herritarrek Udaltzaingoan izango dute horretarako aukera. Azpeitiko anbulatorioan, adibidez, gutxieneko zerbitzuak eskaintzen ari dira goizetik; Urrestillakoan, berriz, ez dute osasun zerbitzurik eskaini.

Herriko ikastetxeetan ere nabaritu da greba feministaren eragina. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Urola Ikastola BHIn emakume langileen %90 ari da greba egiten. Hori dela eta, gutxieneko zerbitzuak ari dira eskaintzen bi ikastetxe horietan. Azpeitiko Ikastola Ikasberrin ere emakume langile guztiek bat egin dute grebarekin, eta gizonak soilik ari dira lanean. Iraurgi Ikastetxean, berriz, bi orduko lanuztea egin dute irakasleek, 11:00etatik 13:00etara bitartean.

Bestalde, mosaikoaren garaian itxi egin dituzte herriko hainbat saltoki eta taberna, eta beste hainbat saltoki itxita daude egun osoan, horien jabeek grebarekin bat egin dutelako. Denda handietan ere eragin du grebak: Sanjuandegiko Eroski, adibidez, itxita dago egun osoan. Herriko hainbat lantegitako behargin emakumeek ere greba edo ordu batzuetako lanuzteak egin dituzte.