Martxoaren 8an

Bazkaria, mahai ingurua eta tailerrak, egunari jarraipena emateko

Uztarria.eus 2019ko mar. 8a, 16:59

Eguerdiko mosaikoa bukatuta, dozenaka emakumek bazkaria egin dute Azoka Plazan. Hain zuzen ere, herriko hainbat gizonek prestatutako otordua egin dute bertan. Sabelak beteta, mahai inguruaz gozatu ahal izan dute Azoka Plazan bertan; Borroka feministaren bilakaera Azpeitian izenburupean, herriko mugimendu feministako kide izandako lau lagunek hartu dute hitza.

Mahai ingurua amaitzean, tailerrak egin dituzte, eta besteak beste, futbolean nahiz judoan aritzeko edota eztabaida txokoan parte hartzeko aukera izan dute herriko emakumeek. Ondoren, 18:30ean, mikro irekia jarriko dute plazako arkupeetan.

Eguneko ekitaldirik garrantzitsuenetako beste bat 20:00etan hasita egingo dute. Heteropatriarkatu kapitalistari planto, emakumeok* greba! lelopean, manifestazioa izango da plazatik abiatuta. Gero, 21:30ean, afari autogestionatua egingo dute plazan, eta segidan DJ Fina y Seguraren emanaldia izango da, plazako arkupeetan.