Martxoaren 8an

Emakumeak, plazaren erdigunera

Uztarria.eus 2019ko mar. 8a, 14:18

Ehunka emakumek mosaikoa osatu dute gaur eguerdian plazan. Globo moreak eskuetan, mosaiko erraldoia egin dute kioskoaren bueltan. "Gora borroka feminista" oihuak entzun ahal izan dira plazan, baita txaloak ere. Mosaikoaren bideoa ikus daiteke albiste barruan.

Goizean dozenaka lagunek hasi dute kalejira aldarrikatzailea, eta 12:00etarako ehunka emakume batu zaizkie horiei; izan ere, Plaza Txikian eta plazan elkartu dira ehunka emakume eguerdian, segidan plazan mosaikoa osatzeko. Ordu horretan, gainera, herriko saltoki eta taberna ugari itxi dituzte, greba feministarekin bat eginez.

Hamabiak pasatxoan, kolore morea nagusitu da plazan; globo moreak eskuetan, mosaiko erraldoia osatu dute ehunka herritarrek kioskoaren bueltan. "Gora borroka feminista" oihuak ere entzun ahal izan dira plazan, baita txaloak ere. Behin mosaikoa osatuta, Basanderiek asanblada feministako kideek hartu dute hitza. Haiek gaurko grebaren aldarrikapenak plazaratu dituzte; izan ere, hainbat ardatzetan oinarritutako greba feminista da Martxoaren 8 honetakoa: zaintza, pentsionistak, ikasleak eta kontsumoa.

Bestalde, Basanderiekeko kideek gogorarazi dute eguerdi eta arratsalde partean ere izango dela ekintzarik herrian. Hain zuzen ere, datozen orduetan bazkaria, mahai ingurua, tailerrak, manifestazioa, afaria eta DJ emanaldia izango dira.

Honako hau da Basanderiek asanblada feministak datozen orduetarako prestatutako egitaraua:

14:00. Bazkari feminista, Azoka Plazan. Herriko hainbat gizonezkok prestatuko du bazkaria.

Bazkalondoan, mahai ingurua Azoka Plazan. Gaia: Borroka feministaren bilakaera Azpeitian.

Arratsaldean, tailerrak: futbola, judoa eta eztabaida txokoa.

18:30. Mikro irekia, plazako arkupeetan. Emakumeak animatu dituzte bertan parte hartzera "abestu, irakurri, bertsoak bota, trikitia jo…"

20:00. Manifestazioa zaratatsua, Heteropatriarkatu kapitalistari planto, emakumeok* greba! lelo hartuta. Herriko plazatik irtengo du.

21:30. Afari autogestionatua, plazako arkupeetan. Janaria etxetik eraman beharko da.

22:30. DJ Fina y Segura, plazako arkupeetan.