Loiolako ondarea lankidetzan ordenatzeko premia lehen lerroan jarrita aurkeztu dute turismo plana

Uztarria.eus 2019ko mar. 7a, 18:52
Etxeberria, Abad, Gil eta Lizarralde, gaur, aurkezpenean. (Ane Olaizola)

Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean diseinatu du Udalak proiektua. Loiola eta hango ondarea erdigunean jarrita, Azpeitian turismoa indartzeko erronkak zehaztu dituzte, eta besteak beste, gobernantza eredu iraunkorra sortzea eta Loiola Azpeitira "gerturatzea" gomendatu dute.

Datozen urteetan turismoaren alorrean egingo dituzten ekintzen "gida" izango den turismo plana aurkeztu du gaur Azpeitiko Udalak. Hamaika eragilerekin elkarlanean diseinatu du Deustuko Unibertsitateak proiektua, eta Loiolako ondarea oinarri hartuta, Azpeitian turismoa indartzeko erakundeek hartu beharko luketen bide orria plazaratu dute gaurkoan. Agerraldian izan dira Eneko Etxeberria alkatea, Agustin Lizarralde udaleko Turismo zinegotzia eta proiektua diseinatu duten Jon Gil eta Marina Abad Deustuko Unibertsitateko turismo irakasleak.

Loiola eta hango ondarea erdigunean jarrita, Azpeitian turismoa sustatzea da garatu duten planaren helburua, eta horretarako, Deustuko Unibertsitateak azterketa bat egin du herriko, Euskal Herriko zein nazioarteko hainbat eragilerekin elkarlanean (Manresakoak, kasu). Besteak beste, elkarrizketak edota inkestak egin dizkiete herritarrei, Azpeitiko eragileei zein Loiolako ondarean eta hango turismoan esku hartzen duten erakundeei, jesuitei edota agentziei. Horien guztien erantzunetatik, Loiolako ondareari eta turismoari dagokien "ikuspegi globala" jaso dute ikerlariek, eta hainbat ondorio atera dute handik. Gilek jakinarazi duenez, esaterako, turismo agenteek duten pertzeptzioa da Loiolak eskaintza turistiko "eskasa" duela, guneak "potentzial handia" duen arrean. Era berean, horiek uste dute monumentu multzo horretako baliabide batzuei ez dietela balioa ematen, eta beste hainbat eskaintzek "berritzeko premia" dutela azpimarratu dute.

Horrez gain, azterketaren beste emaitzetako bat da Loiola ez dagoela bere inguruarekin "ondo integratuta". "Azpeitiarrek ezagutza edota interes falta dute Loiolarekiko; distantzia bat dago Loiolaren eta herritarren artean", esan du Gilek. Loiolaren gaineko irudiari dagokionez, berriz, haren gaineko diskurtso integralik ez dagoela adierazi du turismo irakasleak: "Guztiek bat egiten dute Loiolak balio historiko, erlijioso zein kultural handia duela, baina eragile bakoitzak bere ikuspegia du, eta beraz, bakoitzak bere narrazio propioa du. Hiritarrek, esaterako, aisialdiarekin lotzen dute Loiola; eragile turistikoek, berriz, turismoarekin; erlijiosoek, espiritualtasunarekin; eta kolektibo apostolikoek, gizarte gaiekin. Horrek guztiak kudeaketarako orduan arazoak sortzen ditu". Ildo beretik hitz egin du 2021ean ospatuko den San Inazioren fede aldaketaren eta hark Manresara (Katalunia) egin zuen erromesaldiaren bosgarren mendeurrenaren inguruan ere. "Eragile desberdinak ari horretan lanean, baina koordinazio falta dago taldeen artean. Guztien arteko koordinazioa behar da, baita Manresako eragileekin harremana ere, kolektibo bakoitzak bere interesak agertzen baititu eta horrek kudeaketan talkak sor baititzake".

Narrazio propioa, diskurtso integrala

Horren guztiaren aurrean, ekintza zehatzen bidez bost erronka nagusi zehaztu dituzte turismo planean, eta lehen lerroan jarri dute "gobernantza eta kudeaketa lanak harmonizatzea". Irakasleen hitzetan, beharrezkoa da gobernantza eredu iraunkorra sortzea eta hango erakundeek lankidetzan aritzea Loiolaren eta Azpeitiaren interesen alde. Bestalde, eragile guztien artean Loiolaren gaineko "diskurtso integrala" sortu dezatela azpimarratu dute. "Bakoitzak bere narratiba propioa eduki dezake, baina guztiek erantzun beharko liokete ikuspegi orokorrari". Loiola Azpeitira "gerturatzeko" premia ere azpimarratu dute, eta horretarako, besteak beste, herrian egiten diren aisialdi eta kultur ekintzak “hara eramatea” gomendatu dute. Bide horretan, herritarrek Loiolarekiko duten "interes faltari" aurre egiteko inaziotar ondareari balioa ematea proposatu dute.

Bestalde, inaziotar ondarea zein Azpeitia bera "erreferentzia" izan daitezen, bi eremuen arteko lotura egitea proposatu dute, eta bide horretan, Loiolara joateko seinalizazioa hobetzea aipatu dute. Izan ere, azterketan jaso duten emaitzetako bat izan da seinale gutxi daudela Loiolara iristeko, eta hori landu beharreko puntutzat hartu dute.

Etxeberriak adierazi duenez, azken urteotan "lan asko" egin dute turismoaren alorrean, eta adibidetzat jarri ditu Loiolan turismo bulego berria ireki, Inaziotar Lurraldeak EDEN sarietako bat irabazi, herriko eskaintza turistikoa handitu, Basazabal jauregia zabaldu edota han turismo bulegoa martxan jarri izana. Turismoaren gaiak eztabaida piztu dituen sasoi honetan, gainera, Etxeberriak azpimarratu du Azpeitian turismoa "dibertsifikatzeko eta aberastasuna sortzeko aukera" dela, eta ez duela "inongo arazorik" sortu: "Gertu ditugun kostako herri batzuetan gertatu ez den bezala, hemen ez turismoak ez du inongo eragin negatiborik izan". Hain zuzen ere, aukera hori arazo bilakatu ez dadin, turismoa "ordenatu" egin behar dela azpimarratu du, eta alkatearen hitzetan, hori izan da turismo planaren funtsa. Orain, planaren emaitzak esku artean, gomendio guztiak mahai gainean jartzeko unea dela gaineratu du.