Martxoaren 8an

Ardura kolektiboa da

Uztarria.eus 2019ko mar. 7a, 13:24
Leire Ibarguren, Onintza Agirre, Leire Etxaniz eta Miren Odriozola feminista azpeitiarrak.

Martxoaren 8aren atarian, lau emakume feminista elkartu ditu Uztarriak 2019ko martxoko aldizkariaren erreportaje nagusirako. Bizipenez nahiz borroka feministaz aritu dira Julene Frantzesena eta Maialen Etxaniz kazetariekin.

Inoiz baino moreago jantzi zen iaz Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Egun horretan, Euskal Herriko nahiz munduko hainbat txokotako emakumeek elkar hartuta aldarrikatu zituzten beren eskubideak, heteropatriarkatu kapitalistari planto eginez. Euskal Herriko mugimendu feministak lanuzteak deitu zituen Martxoaren 8rako, eta adin guztietako milaka emakumek egin zuten bat deialdiarekin. Iazko indar erakustaldiaren ostean, indartuta dator aurtengo Martxoaren 8a. Izan ere, bat egin dute urte luzez borrokan aritutako emakumeek eta haien lelukoa hartzeko prest daudenek. Horien adibide dira Miren Odriozola, Leire Ibarguren, Leire Etxaniz eta Onintza Agirre. Borroka berak elkartu ditu hainbat belaunalditako emakumeak.

70eko hamarkadan batu zen Miren Odriozola (Azpeitia, 1944) borroka feministara. Lehen urratsak ez zituen Azpeitian egin; izan ere, Bilbora joana zen lanera urte haietan, eta han hasi zuen ibilbide feminista. "Ordurako, Bilbon hasita ziren emakumeak antolatzen. 1975-76 urteetarako baziren emakume taldeak eta asanbladak, eta 1977an egin ziren lehen topaketak Leioako campusean". Ondo gogoan ditu azpeitiarrak lehen urrats haiek: "3.000 bat emakume elkartu ginen topaketetan, eta askotariko tailerrak egin genituen, abortua, tratu txarrak, sexualitatea, lesbianismoa, antisorgailuen legeztatzea eta abar gai hartuta. Boom bat izan zen".

Topaketa haiek, nolabait, indarra eman zieten Bizkaiko emakumeei, eta Odriozolak gogoratzen duenez, eztabaida handiak sortu ziren, alderdi politikoetan eta: "Orduan, batez ere, gizonek agintzen zuten. Gaur egun ere bai, baina orduan askoz ere gehiago. Horregatik, liskar ederrak sortu ziren". Sasoi hartan, gainera, Basauriko 11 emakume espetxeratu zituzten abortatzeagatik, eta horrek ere protesta handiak eragin zituela azaldu du. "Gertaera hura zela eta, manifestazio eta borroka handiak sortu ziren 1978 eta 1979 urteen artean. Nik 80an alde egin nuen Bilbotik, borroka puri-purian zegoela". Hastapenak ez ziren errazak izan, gai asko ordura arte tabuak zirelako: "Gayen eta lesbianen eskubideen aldeko lehen manifestazio haietan oso jende gutxi izaten ginen babesa ematen. Jendea begira izaten genuen, barrez eta burla eginez. Artean gai hura ez zegoen onartuta gizartean, askok gaixotasuna zela esaten zuen".

Odriozolak Bizkaiko hiriburuan egin zituen hastapenak, eta handik urte batzuetara, herrian, Leire Etxanizek (Azpeitia, 1978). Ordurako baziren feminismoaren munduan lanean ari ziren herritar batzuk, baina ez ziren asko. "Hasieran, Sanjuandegiko doktrinako lokaletan elkartzen ginen. Azkoitiar batzuekin egiten genituen bilerak astegunetan, eta batez ere, txostenak irakurtzen genituen, sozioekonomiaren ingurukoak", azaldu du. Hitz egiteko beharra zutela adierazi du Etxanizek: "Eztabaidatu egiten genuen, eta hizketan egoten ginen, beharra genuen eta". Haren arabera, "gerora" hasi ziren ekintza jakin batzuk antolatzen. "Martxoaren 8an, ekainaren 28an... zerbait egiten genuen, baina jende gutxi izaten ginen; pankartari eusteko lain, eta beste bi lagun". 90eko hamarkadaren bigarren erdian Izarraizpeko Sorginak taldea sortu zuten Azpeitian, eta urteetan izan zen martxan talde hura.

Leire Ibargurenek (Azpeitia, 1979) ezagutu zuen Izarraizpeko Sorginak taldea. "Gaztetxoa nintzela, erreferentea izan zen talde hura niretzat. Bilera batzuetara joan nintzen, baina unibertsitate garaian deskonektatu egin nuen". Gerora, baina, Bilgune Feministaren bidez izan zuen feminismoan murgiltzeko aukera. "Emakume izateagatik guri buruzko aurreikuspen batzuk egiten dituzte, eta hori gure gorputzetan eta gugan bizi dugu. Beldurrak sartzen dizkigute, jokatzeko modu zehatz batzuk izatera behartzen gaituzte... Badira gure genero identitateari ezarritako aurreiritzi batzuk, eta horrek sortutako deserosotasunak edo egonezinak eraman gaitu horiek denak zalantzan jartzera". Ibargurenek azaldu duenez, zalantzan jartze hutsagatik "bereizkeria" sentitu izan dute: "Hain zuzen ere, feminismoan aurkitu dugu espazio bat, zeinetan ulertzen genuen zapalkuntza horiek zergatik ari zitzaizkigun gertatzen eta ikusten genuen sentipen horiek ez zirela pertsonalak". Hark dioenez, kolektiboki antolatzeko eta elkarrekin hausnartzeko aukera eman die feminismoak: "Zapalkuntza horri aurre egiteko bidea izan da".

Odriozola, Etxaniz eta Ibarguren baino dezente gazteagoa da Onintza Agirre (Azpeitia, 1993), baina hark ere sentitu du bizitako zapalkuntzak partekatzeko eta horiei aurre egiteko antolatzeko gogoa. "Ezagutzen nituen mugimendu feministako kideak eta banuen gaiarekiko gertutasuna, baina Gasteizen murgildu nintzen feminismoan, 18 urte nituela". Hark dioenez, beren garaian feminismoari lotutako "olatu bat" etorri da, aurretik egindako lan guztiaren ondorioz. "Feministok beste leku bat hartu dugu gizartean, bestelako zilegitasun bat, eta gu horren emaitza gara". Agirrek adierazi duenez, feminismoa "transbertsala" da, eta horregatik talde feministetan ez ezik, beste hainbat sektoretan ere hausnartu dute feminismoak duen paperaz. Unibertsitate ikasketak bukatuta itzuli zen Agirre Azpeitira, baina orduan ez zegoen talde feministarik herrian. "Bi urte ziren Bilgune Feministak ibilbidea bukatu zuela, eta hutsunea nabaritzen genuen herrian. Zerbait egin nahi zuen gazte pila bat zegoen, baina tresna falta zen. Hori geuk eraiki behar genuenez, Basanderiek asanblada feminista sortu genuen beharrei erantzuteko, kanpora begira aldaketa txikiak emanda Azpeitian eragiteko eta geu formatzeko".

Lau emakumeak bat datoz feminista identitatea "oso erosoa ez" dela izan esaterakoan. Izan ere, Ibargurenek oroitu duenez, jendeak "esajeratuak eta histerikoak" zirela esaten zien. "Denbora asko pasatzen genuen jendeari zapalkuntza hori bazegoela ulertarazten, datuak ematen... Feminismo arrazionala egiten aritzen ginen; hau da, azaltzen zergatik ginen feministak eta zergatik behar zen mugimendu feminista". Etxanizek "mespretxua" ere aipatu du. "Gure garaian, are gehiago", erantsi du Odriozolak. "Sasoi hartan uste zen feminismoa emakume burgesen kontua zela, eta gerora gauza bera bizi izan nuen Latinoamerikan". Ibargurenen aburuz, borroken hierarkizazioagatik egon da feminismoa gutxietsita. "Baziren lehentasun gehiago zuten borrokak jendearentzat".

Garai haiek ez zituen bizi izan Agirrek, baina hark azaldu du orain presentzia "handia" hartzen ari dela feminismoa. "Kapitalismoak ikusi du feminismoa kalte egiten ari zaiola, eta horri buelta eman nahi dio. Kontsumorako eduki bihurtzen eta hari edukia galarazten saiatzen ari da, eta hain zuzen ere, hori da guk dugun arriskuetako bat. Mantendu egin behar dugu aldarrikapenetan eta mundua eraldatze horretan". Odriozolak ere sumatzen du feminismoa "pixka bat desitxuratzeko" nahi hori. "Instituzioek eta gizarteak aldarrikapen batzuk bereganatu dituzte, eta behar bada, pixka bat arindu dira borrokak eta aldarrikapenak".

Aldatu da borroka

Feminismoa kanpora begira nahiz barrura begira lantzen den zerbait dela azaldu dute emakumeek, baina borroka moldeak "asko" aldatu direla dio Etxanizek. Odriozolak ere hala uste du: "Gure garaian legez kanpo egiten ziren protestak, eta askoz gogorragoak ziren borrokak. Izan ere, gaur egun, kakotx artean bada ere, gauza batzuk behintzat onartuta daude". Ibargurenen aburuz, militantzia eredua ere aldatu egin da. "Garai batzuetan errepresio egoera latza zen, eta horrek eramaten gintuen militatzeko modu jakin batzuetara, gaur egun baino modu zurrunagoetara. Bere alde onak eta txarrak zituen horrek, baina feminismoak jakin du militantzia eredu hori malgutzen eta goxatzen nahiz herritarrentzat militatzeko espazioak sortzen".

Agirreren ustez, feminismoak "izugarrizko eraldaketa pertsonala" eragiten du, eta hori mantendu egin da urteetan. Hala dio Ibargurenek ere: "Feminismoak eraiki du espazio bat kolektiboki nahiz pertsonalki borroka egiteko eta gizartea eraldatzeko, baita norbere ongizatean eragiteko ere". Agirrek azaldu duenez, kaleko presentziaren formak aldatu dira, eta uste du oraindik ere "asko" dagoela egiteko. Ildo beretik hitz egin du Etxanizek ere: "Gure garaian Martxoaren 8ko kontzentrazio bat egiterako... Urteetan hiriburuetara joaten ginen herrietako emakume taldeetako kideok. Gerora antolatu genuen lehen elkarretaratzea. Gaur egun, berriz, herri guztietan egiten da".

Odriozolak bizi izan zuenetik hona, egoera "ikaragarri" aldatu dela uste du. "Sasoi hartan antisorgailuak legez kanpokoak ziren, dibortzioa ere bai... Egun normaltzat ditugun gauza asko ez ziren legezkoak. Gainera, frankismo garaiak izanik, borroka formak ere oso desberdinak ziren. Bestelakoa zen egoera, oraingoaren oso desberdina, baina emaitza asko eman zituen, jarraipena eduki zuen eta gauza pila bat lortu ziren". Hala eta guztiz, Odriozolak gogorarazi du gaur egun ere orduko eztabaida berak badirela mahaiaren gainean.

Zapalkuntzak, hainbat

"Tratu txarrena da arazo larrienetako bat. Lehen ere baziren kasuak, baina gaur egungoa ametitu ezina da", Odriozolaren arabera. "Garai batean, agian, normaltzat hartzen ziren tratu txarrak; edo ez ziren salatzen", erantsi du Etxanizek. "Soldata arrakalak ere egoera berean segitzen du", adierazi du Odriozolak. "Eta zaintza ere aipatzekoa da", Agirrek. "Aurtengo greba zaintzari lotutakoa da, zaintzaren kolektibizazioa du helburu nagusietakoa", gaineratu du hark. Eta beste arazo bat ere aipatu du: rolen eraikuntza. Izan ere, Agirreren ustez, ikusi besterik ez dago norbere burua eraikitzerakoan sistema patriarkalak ezarritako ezaugarriak nola txertatzen diren: "Horiek erreproduzitzen ari gara etengabe". Haren ustez, horretan ere jarri behar da fokua: "Genero eraikuntzako rolak ere pixkanaka aldatu egin behar ditugu".

Zaintzarengan jarri dute arreta Ibargurenek eta Etxanizek, azken horren arabera, "askotan jabetu ez arren", etxe guztiak "ukitzen" dituen gaia delako. "Zaintzak gure egunerokoa zeharkatzen du, etxean baititugu zaintza beharrak. Kapitalismoaren tranpetako bat da pertsonak izaki autonomo eta independente gisa irudikatzea, baina pertsona interdependenteak gara eta elkarren beharra dugu", esan du Ibargurenek. Haren ustez, instituzioek ez dute gaia "arduraz" hartzen, eta emakumeen gain erortzen da zaintzaren ardura: "Askotan, gainera, ordaindu gabeko lanak izaten dira, maitasunaren izenean egiten direnak, eta ordaindutako kasu askotan ere, ikusi besterik ez dago emakume migranteekin nola jokatzen den".

Zaintzari lotuta, "oso axaleko" gauzak soilik aldatu dira Odriozolaren ustez. "Gure garaian ez zen ikusten gizon bat bere umea paseatzen; ez zen ikusten gizonik erosketak egiten. Gaur egun, etxean garbigailua jartzen dute martxan, egiten dituzte gauzak, baina lanen ardura, oro har, emakumeena izan da beti". Udalak egindako Denboraren Erabilerari buruzko ikerketa ekarri du gogora Etxanizek: "Ordu jakin batean zertan ari ziren galdetu zieten herritarrei. Emakume gehienek paseatzen ari zirela erantzun, eta beste zerbaitetan ari al ziren galdetzean, ezetz esan zuten. Gizonek, berriz, 'haurra zaintzen' erantzun zioten lehen galderari, eta bigarrenari, 'paseatzen'. Dirudienez, emakumeok zaintza ez dugu lan bezala hartzen; gizonek, berriz, bai".

Ibargurenek ere antzeko iritzia dauka: "Gizonek lehen baino denbora gehiago pasatzen dute umeekin, baina aisialdiko denbora izaten da askotan. Hau da, mendira joaten da haurrarekin, adibidez. Umea gaixo dagoenean ez du aitak eramaten medikuarenera, edo amak eskatzen du harekin etxean gelditzeko baimena lanean. Gizonek, batez ere, zaintzaren alde atseginarekin konektatu dute".

Iazkoa, mugarri

Emakumeen Nazioarteko Eguneko greba feministak indarra hartu zuen iaz. Euskal Herriko zein munduko hainbat txokotan jendetza irten zen kalera, emakumeen eskubideak aldarrikatzera. Iazko grebak "jendearekin konektatu" zuela uste du Ibargurenek: "Batetik, zaintzaren gaiak egunerokoan ukitzen duelako jendea, eta bestetik, emakumeen aurkako indarkeria sexista salatzeko beharra eta gogoa zegoelako". Bat dator Etxaniz ere: "Nazkatuta gaudela esateko gogoa nabaritzen zen, eta hainbat kulturatako, adinetako eta arrazatako jendea ikusten zen mobilizazioetan". Gainera, planto egiteko deialdiak era guztietako erreakzioak eragin zituen. Ibargurenen ustez, grebak sortutako gauza "interesgarrienetakoak" eztabaidak izan ziren: "Ezagutzen ditudan bikote heterosexual umedunek izugarrizko eztabaidak izan zituzten. Emakume askok egin zuten planto, eta erabakiak haserreak eragin zituen. Gizon asko deseroso sentitu ziren, eta uste dut deserosotasuna gauza interesgarria dela. Izan ere, gizonak deseroso zergatik sentitzen diren eta deserosotasun horrekin zer egin behar duten hausnartzeko modu bat da".

Datorren Martxoaren 8a noiz iritsiko zain daude lau emakumeak. Agirre "gogotsu" dago grebak izango duen erantzuna ikusteko: "Aurten 24 orduko grebaren aldeko apustua egin da. Iazko esperientzia ikusita, uste dut aurten jende gehiago animatuko dela mobilizazioetan parte hartzera, baina aldi berean, baditut zalantza batzuk. Izan ere, kontsumo greba proposatzen da, eta ea nola ateratzen den hori. Apustu latza da". Ibargurenek azaldu duenez, emakumeak geldituz gero "kaosa" sor daitekeela erakutsi nahi dute grebarekin. "Orain arte emakumeok egin ditugu zaintza lanak eta etxeko lanak. Baina gizarteari erakutsi behar dioguna da egiteko horiek alde batera utziko bagenitu zer gertatuko litzatekeen, gure lana ikusarazteko", azaldu du Odriozolak. "Errealitatea da emakume batzuek ezingo dutela greba egin, eta errealitate horiek nola ikusarazi ere pentsatu behar da", gaineratu du Ibargurenek. Eta horren harira, adineko pertsonen zaintzak "zalantza" sortu duela esan du Agirrek: "Zaharren egoitzetan lan egiten duten pertsona gehienak emakumeak dira, baita etxeetan zaintza lanak egiten dituzten gehienak ere. Emakume horiek ziurrenik ezingo dute grebarik egin".

Aurten pentsiodunek, zaintza lanek, soldaten arrakalek eta kontsumoak "presentzia berezia" izango dute grebaren deitzaileen aldarrikapenetan. Baina eskaera nagusia "bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa" da. Horregatik, gaur-gaurkoz feminismoaz hausnartzeko beharra dagoela uste dute azpeitiarrek. Hala dio Etxanizek: "Herri Hezitzailearen gaineko azterketaren emaitzen arabera, herriko eragile guztiek dute beren burua feministatzat eta parekidetzat. Baina zer ulertzen ote da feministaz edo parekideaz? Eragileon arteko mahai ingurua egitean, denok jabetu ginen gaiaz hitz egiteko beharra dagoela; hau da, beharra dago batzuek nahiz besteek feminismoaz zer ulertzen dugun jakiteko". Dena den, Odriozolak ikusi du aldaketarik feminismoaren ulerkeran: "Gaur egun, feminismoaren barruan pentsaera ezberdinak egonagatik, uste dut gehiago errespetatzen dela aniztasuna. Lehen oso talka handiak izaten ziren. Orain uste dut ikasi dugula gauzak pixka bat lasaiago hartzen". Emakumeek elkartzeko erakutsi duten gaitasuna azpimarratu du hark: "Izugarria da oinarri komun batzuk jarri eta Martxoaren 8koa bezalako deialdiak egitea mundu osoan. Izugarria da elkarrekin mobilizatzeko gai garela erakustea". Agirreren iritziz, ulerkera edo iritzi ezberdinak trukatzea "beharrezkoa eta osasuntsua" da.

Grebaren atarian, Odriozolak, Etxanizek, Ibargurenek eta Agirrek kalera ateratzeko deia egin diete herriko emakume guztiei, "elkartzeko beharra" azpimarratuta. Gizonei, aldiz, "dagozkien ardurak" betetzeko eta "etxean esku hartzeko" eskatu diete. "Ez soilik Martxoaren 8an, egunero baizik".