'Disoluzio agiriak' poesia liburua plazaratu du Jose Luis Otamendik

Uztarria.eus 2019ko ots. 28a, 14:27

Susa argitaletxearen eskutik kaleratu du olerki liburua Otamendik. Argitaletxeak aurreratu duenez, irakurleak Azpeitiko idazlearen hasierako poemetako "samurtasuna eta surrealismoa" aurkituko ditu Disoluzio agiriak liburuan. Xabier Gantzarainek egin du Otamendiren liburuaren azala. 

Bost urtez libururik kaleratu gabe egon ostean, Jose Luis OtamendiDisoluzio agiriak poema liburua plazaratu du. Azpeitiko idazleak Susa argitaletxearen eskutik kaleratu du Disoluzio agiriak lana, eta gaur, otsailak 28, aurkeztu du Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan. 

Susaren arabera, Otamendik dio "une honek" beste poesia molde bat "behar" duela: "Bizi ditugun garai aldakorrek sortutako galderak plazaratu ditu idazleak liburu honetan, eta galdera horiek egiteko, poesia molde berri bat bilatu du, betiko Otamendi izateari utzi gabe".  Argitaletxeak aurreratu duenez, zahartzen ari den gorputz baten kezkak, minak eta grinak ageri dira Otamendiren olerkietan. "Giro politiko eta sozialari erreparatzen dion gorputz bat, bera baino lehenago zahartutakoen zaintzaren bidez etorriko zaiona ikusten duena". Bost urte igaro dira Otamendik azken liburua kaleratu zuenetik. Oraingo honetan, irakurleak "idazlearen hasierako poemetako samurtasuna eta surrealismoa" aurkituko dituela aurreratu du Susak. "Urteek eman dioten aberastasun teknikoarekin, gainera".

Azpeitiko Kultur Mahaiko teknikari Xabier Gantzarainek egin du Otamendiren Disoluzio agiriak liburuaren azala. 

 
 

Aurreko liburuak

Egunsenti biluzia. Poesia, Ustela, 1980.
Azken urdinaren kaira. Poesia, Ustela, 1983.
Zainetan murrailak. Poesia, Susa, 1987.
Poza eta gero. Poesia, Susa, 1990.
Lur bat zure minari. Poesia, Susa, 1995.
Bakarrik bahago neguan. Poesia, Pamiela, 1998.
Euri kontuak. Narrazioak, Susa, 1999.
XX. mendeko poesia kaiera. Poesia, Susa, 2000.
Loiolarik ez balitz. Saiakera, Uztarria, 2005. Iñigo Aranbarrirekin batera.
Erlojuen Mekanika. Poesia, Susa, 2007.
Kapital publikoa. Poesia, Susa, 2014.