Imanol Albizu eta Iker Letamendia bertsolariek Gipuzkoako Eskolartekoaren kanporaketa jokatuko dute bihar

Uztarria.eus 2019ko ots. 28a, 13:09
Iazko Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren finaleko argazkia. (GBE)

Zestoako Lau Iturri elkartean jokatuko dute sariketako bigarren kanporaketa, 20:00etan hasita. Albizurekin eta Letamendiarekin batera arituko dira bertsotan Uxue Alkorta, June Garmendia, Oihana Arana eta Igauri Lopetegi bertsolariak. Lau kanporaketetatik bina bertsolari sailkatuko dira finalera. Bigarren kanporaketa da biharkoa. 

Gipuzkoako Eskolarteko XXXIX. Bertso Txapelketaren bigarren kanporaketa jokatuko da bihar, martxoak 1, Zestoan, eta bertan izango dira Imanol Albizu eta Iker Letamendia bertsolari azpeitiarrak. Zestoako Lau Iturri elkartean izango da saioa, 20:00etan hasita. 

Albizurekin eta Letamendiarekin batera honako bertsolari hauek arituko dira kantuan: Uxue Alkorta, June Garmendia, Oihana Arana eta Igauri Lopetegi. Iaz bezala, afari formatuan egingo dituzte kanporaketak.

Joan zen astean hasi zen bertso sariketa Ibarran. Aurtengo bat-bateko lehian 23 bertsolarik parte hartuko dute, eta horietatik 11 bertsolari eskualdekoak dira: Aner Peritz, Uxue Alkorta, Aimar Sorazu, Joane Aldalur eta Jon Azpiroz zarauztarrak; Irati Arakistain eta Joar Garate zumaiarrak; Imanol Albizu eta Iker Letamendia azpeitiarrak; eta Julene Iturbe eta Naia Arrizabalaga azkoitiarrak.

Hirugarren saioa Orioko Aldapa elkartean jokatuko dute martxoaren 15ean, eta Irati Arakistain, Maider Garmendia, Joane Aldalur, Aner Peritz , Xabier Agirre eta Jon Azpiroz ariko dira kantuan. Laugarren eta azken kanporaketa Orioko Larrain-Gain elkartean izango da, eta kantuan arituko diren bertsolariak Haizea Arana, Julene Iturbe, Naia Arrizabalaga, Aimar Sorazu eta Bittor Zubiagirre. 

Guztira, lau kanporaketa egingo dituzte afari formatuko saioetan –Ibarran, Zestoan, Orion eta Oñatin–, eta finala Lasturren jokatuko da apirilaren 5ean. Lau kanporaketetatik bina bertsolari sailkatuko dira finalera.