Herriko bost pilotarik jokatuko dituzte Emakume Master Cup txapelketako promozio mailako final laurdenak

Uztarria.eus 2019ko ots. 25a, 16:43
Oihana Unanue eta Nagore Aramendi dira final laurdenetara sailkatutako bi pilotari. (Emakume Master Cup)

Binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketako promozio mailako final laurdenak jokatuko dituzten pilotarien izenak erabakita daude. Maddi Unanue –Naroa Agirre arroarrarekin–, Nagore Aramendi eta Oihana Unanue, eta Alaitz Badiola eta Oihana Orbegozo herritarrak ariko dira final laurdenetan, asteburuan.

Binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketa hasi zuten urtarrilaren amaieran, eta asteburu honetan jokatu dute kanporaketa bat, Orozkon (Bizkaia). Bertan, lehen mailako finalerdietan ariko diren pilotariak zein izango diren erabaki zen, baita hurrengo ostiralean eta igandean Urduñan (Bizkaia) eta Gordexolan (Bizkaia) jokatuko dituzten promozio mailako final laurdenetan arituko diren azken hiru bikoteen izenak ere. Azken bi kanporaketa horietan erabakiko dira martxoaren 9an Legazpin (Gipuzkoa) jokatuko diren promozio mailako finalerdietan arituko diren bikoteen izenak.

Hainbat pilotari azpeitiar hasi zen txapelketan lehiatzen, promozio mailan: Maddi Unanue –Naroa Agirre arroarrarekin–, Nagore Aramendi eta Oihana Unanue, eta Alaitz Badiola eta Oihana Orbegozo, hain zuzen ere. Kanporaketetan aurrera egin dute Azpeitiko pilotari guztiek, eta beraz, bost herritarrek jokatuko dituzte promozio mailako final laurdenak, asteburuan.