Kutxa Xake Ligako seigarren jardunaldia etxean jokatu dute Xaputarrak taldeko kideek

Uztarria.eus 2019ko ots. 18a, 10:48

Kutxa Xake Ligako seigarren jardunaldia Azpeitian jokatu dute asteburuan. Zapatuan izan zen jardunaldia Baigerako laugarren solairuko aretoan, eta Azpeitiko Xaputarrak A taldea aritu zen lehian. Bigarren Mailan lehiatu zen Azpeitiko taldea, eta 3 eta 1 nagusitu zen. Aitor Priyak eta J. Andres Perezek irabazi egin zituzten jokatutako partidak, eta Patxi Isasmendik eta Eneko Alberdik, berriz, berdindu egin zituzten norgehiagokak. Emaitza horiek tarteko, Xaputarrak A taldea sailkapeneko laugarren postuan dago, 13 punturekin.

Xaputarrak B taldea, berriz, Hirugarren Mailan ari da lehiatzen, baina atsedena izan zuten pasatu berri den asteburuan, multzo horretako talde kopurua bakoitia delako. Dena den, Xaputarrak B taldea ere sailkapeneko laugarren postuan dago, 12 puntu batuta.

Datorren asteburuan Xaputarrak A taldeak Legazpin izango du jardunaldia, Santikuntz B taldearen kontra. Xaputarrak B taldeak, berriz, Elgoibarren du zita, Olan Arkitektura taldearen kontra aritzeko.