Euskaldun batek idatzitako lehen inkunablea, Martin Zurbano azpeitiarrarena

Uztarria.eus 2019ko ots. 14a, 14:30

Basazabal jauregia eraberritzearekin egin dute aurkikuntza. Martin Zurbano Tuyko obispo eta inkisizioko aholkulari azpeitiarrak Alejandro VI.a aita santuaren aurrean egindako hitzartze bat dago jasota inkunablean. 1496. urtekoa da Oratto de Passione Domini izenburudun latinezko idazkia, eta Erroman editatu zuten. Vienako liburutegitik berreskuratu dute inkunablea. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak azaldu duenez, aurkikuntza "handia" da egindakoa.

Duela hiru aste inauguratu zuten Basazabal jauregi eraberritua, eta aurkezpen ekitaldian aurreratu zuten gisan, euskaldun batek idatzitako lehen inkunablea –1501. urtearen aurretik inprimatutako idazkia– aurkitu dute eraikinaren zaharberritze prozesuan. Hain zuzen ere, Martin Zurbano azpeitiarrak Alejandro VI.a aita santuaren aurrean egindako hitzartze bat dago jasota inkunablean. 1496. urtekoa da Oratto de Passione Domini izenburudun latinezko idazkia, eta Erroman editatu zuten testua Johan Besickenek, Andreas Freitagek eta Eucharius Filberrek.

Basazabal jauregiaren historia berreskuratzerakoan izan zuten inkunablearen berri Juan Baustista Mendizabal eta Rosa Aierbe (EHU) historialariek; izan ere, eraikinaren historia ikertzeko eskatu zien Udalak bi historialari horiei. Ikerketa abiatzean jakin zuten hainbat herritar bizi izan zela Basazabalen urteetan zehar, baina 1508. urtean Zurbanok erosi zuen eraikina. Hori horrela izanik, historialariek Zurbano Tuyko (Galizia) obispo eta inkisizioaren aholkulari izan zenaren bizitzan sakondo dute. Mendizabalek azaldu duenez, Eusko Ikaskuntzaren bitartez, Maria Asuncion Arrazolak argitaratutako Zurbanori buruzko liburuan aurkitu zuten inkunablera bideratuko zituen "lehen pista".

Ondoren, inkunableen katalogora jo zuten historialariek, eta Martin Zurbanoren hitzartzea jasota dagoen liburuak sei lekutan zeudela jakin ahal izan zuten: Danimarkako Errege Liburutegian, Esloveniako Unibertsitateko Liburutegi Nazionalean, Washintongo Kongresuko Liburutegian, Erromako Liburutegi Nazionalean eta Austriako Liburutegi Nazionalean. Mendizabalek azaldu duenez, Gipuzkoako Artxibategiaren bidez lortu zuten Austriako Liburutegi Nazionalarekin harremanetan jartzea, eta hain zuzen ere, Vienan kokatuta dagoen liburutegi horretatik bidali zieten inkunablearen kopia. Mendizabalek adierazi duenez, laburtutako latinez dago idatzita jatorrizko testua, eta hura gaztelaniara eta euskarara itzuli dute. "Rosa Aierbek egin du haren laburpena, eta pasioari gorazarre egiten dio Zurbanok testuan. Gainera, ikusgarria da zenbat aipu egiten dituen testuan", azaldu du historialariak.

Zurbanorena latinez idatzitako testua da, eta beraz, ez da euskarazko lehen liburua; horietan aurrena Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (1545) da. Testua eskuratu zutenean, hura idatzita zegoen hizkuntzaren inguruko zalantzak sortu zitzaizkien historialariei; izan ere, Zurbano euskalduna zen eta liburuaren hizkuntza ez zen oso argia. Euskarazko pasarte edo hitzen bat jasota egoteko aukeraren bat egon zitekeela uste zuten, baina ikerketa egitean baztertu egin zuten aukera hori. "Transkripizio osoa egitea ez da euskarazko hitzik aurkitu", azaldu du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak. Gainera, hark esan duenez, transkripzio lanak "nahi baino denbora gehiago luzatzeak" euskararen inguruko zalantzak areagotu egin zituen.

Hala eta guztiz, aurkikuntzaren garrantziaz ohartarazi du hark: "Aurkikuntza handia da". Alkateak Basazabal berritzeak herriaren historian sakontzea ahalbidetu duela azaldu du: "Gure historia berreskuratzeko egin den esfortzua eta bide horretan sakontzeko Udalak duen konpromisoa azpimarratu nahi ditut". Mendizabalen arabera, Zurbanoren Oratto de Passione Domini da euskaldun batek idatzitako lehen inkunablea gaur-gaurkoz, baina hark adierazi du ezer ez dela "absolutua", eta horregatik historialariei ikertzen jarraitzeko deia egin die.

158 inkunable Gipuzkoan

1450. urtean sortu zuen inprenta Johannes Gutenbergek Alemanian, eta orduan hasi ziren testuak eta idazkiak jasotzen. Inkunableak 1501. urtera bitartean jasotako testuak dira, eta halako 158 daude Gipuzkoan gaur egun, hala nola Arantzazuko Santutegian, Oñatiko Artxibategian, Lazkaoko Beneditarren Monasterioan eta Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian. Dena den, gehiago ere egon daitezkeela azaldu du Mendizabal historialariak.

Azpeitian, Loiolako liburutegian hain justu, hainbat inkunable zituzten gordeta jesuitek, baina 2010eko urrian horiek eta beste hainbat liburu Bilbora eraman zituzten; guztira, 10.000 liburu inguru eraman zituzten jesuitek Deustuko Unibertsitateak Bilbon duen liburutegira. 1997an Loiolako liburutegiak bultzada handia jaso zuen erakundeen aldetik, eta orduan sortu ziren egungo liburutegia eta artxiboa. Uztarria aldizkariak Loiolako Liburutegiari erreportaje zabala eskaini zion 2007ko abenduko zenbakian.