Errepresioaren kontrako 'Oroimena Ez Da Delitua!' jardunaldiak, hastear

Uztarria.eus 2019ko ots. 14a, 13:58
631CP Urola Firmeko, Azpeitiko Gaztetxeko eta Ikasle Abertzaleakeko kideak, jardunaldiak iragartzen. (Azpeitiko Gaztetxea)

Gaztetxeak, 631CP Urola Firm taldeak eta Ikasle Abertzaleakek prestatu dituzte jardunaldiak elkarlanean. Errepresioa salatu ez ezik, jazarpena pairatu duten ikasleei eta gazteei –tartean, iaz Azpeitian atxilotu zuten gazteari– babesa agertu nahi diete sustatzaileek. Kontzentrazioa, errepresio formen inguruko mahai ingurua eta kontzertuak antolatu dituzte biharko eta zapaturako. Irabazitako dirua epaiketaren zain dagoen gazte zestoarraren gastuei aurre egiteko izango da.

Oroimena Ez Da Delitua! jardunaldiak iritsiko dira bihar, ostirala, Azpeitira. Iaz Urola Kostan egindako Errepresioaren Aurkako Egunari hartuko diote lekukoa bihar hasiko diren jardunaldiek. Eskualdeko 631CP Urola Firm taldeak, Azpeitiko Gaztetxeak eta Ikasle Abertzaleak antolakundeak prestatu dute bi eguneko egitaraua elkarlanean, arrazoi eta helburu berak bultzatuta. Jardunaldietan zehar errepresioa salatu ez ezik, errepresioa jasan duten ikasleei eta gazteei –tartean, iaz Azpeitian atxilotu zuten gazteari– babesa agertuko diete egitasmoa antolatu duten eragileek. Zestoako Gaztetxeak ere bat egin du egitasmoarekin.

"Iaz, Errepresioaren Aurkako Eguna antolatu genuen eskualdean aurrenekoz, Altsasuko (Nafarroa) eta Errenteriako (Gipuzkoa) gazteen kontrako jazarpena salatzeko. Aurten, horrelako ekimenak antolatzeko arrazoiak deuseztatzetik urrun, eskualdeko kide bat Espainiako Audientzia Nazionalaren deia jaso zain dagoela gogoratu nahi dugu. Argi ikusten da zapaltzaileek Euskal Herriko gatazka politikoaren aurrean beren errelatoa inposatzen jarraitzen dutela, haien aurka antolatutako borrokak desitxuratzen dituzten bitartean", adierazi dute 631CP Urola Firmeko, Gaztetxeko eta Ikasle Abertzaleakeko kideek. 2018ko ekainean atxilotu zuten gazte zestoarra, 2017ko Gudari Egunean EHUren Gasteizko campusean egindako ekintza baten harira. Guardia Zibilak egin zuen operazioa, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Zestoako gaztea ez ezik, Galdakaoko (Bizkaia) eta Etxarri Aranazko (Nafarroa) bi gazte ere atxilotu zituzten operazio hartan. Oroimena Ez Da Delitua! jardunaldien antolatzaileek azaldu dutenez, "gudariei gorazarre egitea eta biktimak iraintzea egoztearen aitzakiapean" egin ziren ikasleen kontrako atxiloketak. Orduko hartan, ikasleen atxiloketak salatzeko Oroimena ez da delitua! lelopean kalera irten zirela azaldu dute jardunaldien sustatzaileek, eta aurrerantzean "bide beretik" jarraituko dutela azpimarratu dute. 

Halaber, errepresioak "forma ugari" hartzen dituela gogoratu dute hiru eragileek: "Estatu burgesak hainbat errepresio forma erabiltzen du bere ordena zalantzan jartzen saiatzen den ororen aurka, kontrol sozialaren, karga polizialen, isunen eta beste hainbat mekanismoren bidez. Horren aurrean, historiaren irakurketa propioa garatzea eta sistema kapitalistaren aurkako borrokan jarraitzea dagokigu". Horren harira, "erasoak gelditzeko modu bakarra" elkartasuna dela azpimarratu dute: "Errepresioaren aurrean dugun antolatzeko beharra eta kolpeak jasaten ditugunon arteko elkartasuna aldarrikatzen dugu, horrela soilik lortuko baitugu langile klaseko kideon aurka egiten dituzten erasoak gelditzea". Era berean, oztopoen aurrean lanean jarraituko dutela adierazi dute 631CP Urola Firm taldeko, Azpeitiko Gaztetxeko eta Ikasle Abertzaleakeko kidek: "Garaitu nahi gaituzten arren, lanean jarraituko dugu zapalduon aldeko borrokan".

Egitaraua, prest

Bihar, ostirala, hasiko dira Oroimena Ez Da Delitua! jardunaldiak errepresioaren kontrako elkarretaratzearekin. Azpeitiko eta Zestoako ikasleek egingo dute elkarretaratzea Sanjuandegiko biribilgunean, 12:30ean hasita. 

Zapatuan, aldiz, errepresioa jasan duten arlo ezberdinetako hainbat eragileren arteko mahai ingurua eta kontzertuak izango dira Azpeitiko Gaztetxean. Mahai ingurua 17:00etan hasiko da. Bertan, beren esperientziak eta borrokak kontatuko dituzte Tolosaldeko Autodefentsa Sareko, Gernikako Eztenako eta Indar Gorriko kideek. Gauean hiru musika talde igoko dira Gaztetxeko oholtzara: 1312 Zubizarreko Zaratak, Bake Faltsua eta Aurrez Aurre. Zuzenekoak 22:30 inguruan hasiko dira, eta kontzertuetarako sarrera hiru euro ordaindu beharko da. 

Jardunaldietan irabazitako dirua iaz atxilotu zuten eta epaiketaren zain dagoen Zestoako gaztearen gastu ekonomikoei aurre egiteko izango dela jakinarazi dute antolatzaileek.