Azpeitiko bostekoa, prest

Uztarria.eus 2019ko ots. 14a, 12:13

Bostekoa saioa estreinatuko du aurki Euskal Telebistak. Kirol dema eta herrien arteko lehia oinarri izango ditu Aitor Zubieta pilotari ohiak aurkeztuko duen saioak. Euskal Herriko zortzi herritako bosna lehiakidek parte hartuko dute lehen denboraldiko saioetan, eta herri horietako bat da Azpeitia. Herri kirolen pentatloiaren pareko probak osatu beharko dituzte lehiakideek: sokatira, harri-jasotzea, trontza, txinga eroatea eta giza-proba. Errezilen aurka lehiatuko dira Azpeitiko ordezkariak; hain zuzen ere, zapatu honetan grabatuko dute saioa, Mungiako (Bizkaia) probalekuan, eta ikusle gisara joan nahi dutenentzat autobusa jarri dute.

Entrenatzeko-eta nahi baino denbora gutxiago izan duen arren, Azpeitiko bostekoa prest dago zapatuko hitzordurako. Beñat Lizasok, Elias Perezek, Uraitz Iturzaetak, Irune Gurrutxagak eta Ane Lazkanok osatuko dute, azkenean, Azpeitiaren ordezkaritza. Sebastian Gurrutxagaren laguntzarekin ari dira prestaketa saioak egiten, Urrestillako eskoletan garai batean sokatira taldeek erabiltzen zuten lokalean. Hiru aste daramatzate lanean. Aurkari izango duten Errezilgo taldeko kideak ere ezagutzen dituzte: Unai Irigoien, Joanes Iriondo, Jon Ezama, Miren Urkiola eta Bittori Otaegi.