Amancay Gaztañaga: "Gatazkatzat ez dugu jarri bi emakumeren arteko harremana"

Berria 2019ko ots. 14a, 16:23

Lesbianismoa bistaratzeko antzezlan bat eskatu zion Gehituk Kamikaz kolektiboari, eta Käffka da enkarguaren emaitza. 2049an girotu dute lana, pasioak lekurik ez duen gizarte berri batean. Berria egunkariak Gaztañaga elkarrizketatu du, bihar Azpeitiko Soreasu antzokian, 19:30ean, eskainiko duten emanaldiaren atarian.

Nerabezaroa ez bada metamorfosi bortitz bat, zer ote da, bada. Kamikaz kolektiboak ideia horri tiraka jarri dio Käffka izenburua estreinatu berri duen antzezlanari. Erika Olaizola eta Amancay Gaztañaga dira zuzendariak, eta oholtza gainean bost aktore aritzen dira: Edurne Azkarate, Amaia Irazabal, Iraia Elias, Oier Guillan eta Mikel Ibarguren. Orain arte izandako harrerarekin pozik dago lantaldea; besteak beste, hunkituta atera direla esan dietelako ikusleek. Bihar bertan izango dute hurrengo emanaldia, Azpeitiko Soreasu antzokian, 19:30ean.

Gehituk eskatu zizuen antzezlana egiteko, eta Ortzadar LGBT kolektiboa batu zen gero proiektura. Zehazki zer eskatu zizueten?

Gehituk Harrotasunaren Antzerkia izeneko programa bat dauka, gay eta lesbianen inguruko gaiei buruzko antzerkiak egiteko. Normalean, didaktikoak izaten dira, eta haurrei edo nerabeei zuzenduta egoten dira. Urte batzuk daramatzate programarekin, eta konturatu ziren ez zegoela lesbianismoa ikusgarri egiten zuen antzerkirik, euskaraz, publiko horri zuzenduta. Horregatik, lesbianismoa bistaratuko zuen antzezlan bat egiteko enkargua egin ziguten.

Behin gaia edukita, nolakoa izan da prozesua?

Miren Gaztañaga, Erika Olaizola eta hirurok elkartu ginen, eta haritik tira egiten hasi ginen: zer kontatu behar genuen, nola kontatu... Aktoreen lantaldea sortu genuen, eta etxeko lan batzuk eman genizkien. Bagenekien etorkizunean nahi genuela kokatu obra, eta, inprobisazio batzuen bidez, buruan genituen eszena horiek sortzen hasi ginen. Udan, berriro elkartu ginen hirurok, testua idazteko, eta Erika eta biok geratu gara testua zuzentzen.

Zein da obra etorkizunean girotzearen arrazoia?

Gatazka kanpora atera nahi genuen pixka bat. Askotan, gauza bat zugandik gertu baldin baduzu, emozionalki konektatzen duzu, baina ez duzu arrazoitzen. Eta, gai honekin, garrantzitsua iruditzen zitzaigun, emozionalki konektatzeaz gain, etxera joandakoan nerabeek buruari buelta batzuk ematea, eta esatea: "Ni nola sentitzen naiz bizitza beste era batera ikusten duten pertsonen aurrean?". Haustura bat egotea nahi genuen, eta haustura horretatik arrazoiak ere jokatzea.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria.eus-en.