Beltzaren kolore, argi eta ilunak

Berria 2019ko ots. 13a, 17:31
Miel A. Elustondo. (Naiz.eus)

Miel A. Elustondok Kezko bola batek itoak birikak eman du argitara, bere lehen eleberria. Euskal Herrian literatura beltza sustatzeko sortu zen (H)ilbeltza bekaren laguntzarekin idatzi duen lanaren harira hitz egin du Berriak azpeitiarrarekin.

Zerk eraman zuen Helena Guatemalako herri txiki hartara? Nor zen Ñaña? Eta nolatan bukatu zuten Helenak eta Ñañak Iruñean? Zer galdu zitzaion Garbiñeri Dakotan, Pine Ridge lakoten erreserban? Galdera horien eta beste zenbaitzuen erantzunak Kezko bola batek itoak birikak eleberrian jaso ditu Miel A. Elustondok. (H)ilbeltza bekaren bultzadarekin idatzi du bere lehen nobela, eta Txalaparta argitaletxearekin plazaratu berri du. Garazi Arrula editorearen hitzetan, "beltza hainbat koloreren nahasketa izan badela eta beltzak argi-itzal ugari dituela erakusten du Elustondoren eleberriak; beltza Baztango euskalkian mintzatu daitekeela, eta, era berean, Lakota herrikoen erreserbaren barruan euskaraz beltz ere mintzatu ahal dela. Zergatik eta nola, hori beste kontu bat da".

Kazetaritzan ibilbide luzea du Miel A. Elustondok; argazkilaria ere bada, baita irakaskuntzan eta gidoigintzan aritua ere. Orain artean hainbat lan eman ditu argitara. Jim Thompson idazle eta gidoilari estatubatuarraren hiru lan euskarara ekarriak ditu: Hiltzailea nire baitan (2006), Amorruaren ume (2009) eta Litxarreroak (2013) —Igela argitaletxeak plazaratu zituen hirurak—. Horiez gain, Western Basque Festival (Susa, 2007) eta William A. Douglass, Mr. Basque (Pamiela, 2011) liburuak idatzi ditu. Lehen nobela du plazaratu berria, eta, egilearen ustez, bai Thompsonen eta bai Igelaren sail beltzeko lanak irakurri izanak zerikusia izan du berak istorio hori idazteko —idazle haren aitzakian izan zen lehen aldiz (H)ilbeltza Baztango (Nafarroa) nobela beltzaren astean—. Baita Lolita Chavez kitxe herrien kontseiluko liderra elkarrizketatu izanak ere. "Haren bidez, Guatemala barruraino sartu zitzaidan, eta liburura ekarri nuen".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Berria.eus webgunean.