Joseba Sanz: "Argi dago gerrarekin erlazio zuzena duela Euskal Herriak"

Uztarria.eus 2019ko ots. 12a, 11:17
Joseba Sanz.

Armagintzari buruzko Gerra hemen hasten da dokumentalaren emanaldia izango da bihar, Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita. Elkar-ekinek antolatu du Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak Taldeak ekoiztutako ikus-entzunezkoaren emanaldia. Talde horren barruan armagintzaren inguruko talde berezi bat sortu zuten, armagintza eta errefuxiatuen gaia zuzenki lotuta daudelako. Joseba Sanz (Bilbo, 1970) talde horretako kidea da, eta bera arduratu da, batez ere, dokumentalaren gidoiarekin, zuzendaritzarekin eta edizioarekin. Uztarria.eus-ek berarekin hitz egin du.

Bilboko suhiltzaile batek uko egin zion Euskal Herritik Saudi Arabiara armak bidaltzeko itsasontzi bat prestatzen laguntzeari. Zergatik hartu zenuten abiapuntu hori dokumentala egiteko?

Zinema ikuspegitik, Ina Robles suhiltzaileak hartutako erabakiak sinbolismo oso ederra du. Ezin dugu Saudi Arabiaren edo gerren kontra ezer egin, baina armagintzaren katebegi bat apurtzen bada, dena kolokan jartzen da. Dena den, Roblesen ekintza ez da dokumentalaren pizgarria bakarrik, Bilboko portuaren inguruan azken hilabeteetan egin diren mobilizazioena ere bai.

Gerra hemen hasten da izena jarri diozue ikus-entzunezkoari. Bilboko portuan hasten al da gerra?

Roblesi esker jakin genuen Bilboko portuan armen zamaketak egiten zirela. Saudi Arabiako Bahri enpresako ontziak hilabetero etortzen ziren hara. EXPALek (Explosivos Alaveses) egindako lehergaiak dira ontzi horietan zamaketatzen zituztenak, eta Yemengo gerran erabiltzen dituzte.

Abiapuntua Euskal Herrian ere badute gerrek, beraz. Zein da egoera?

Argi dago gerrarekin erlazio zuzena duela Euskal Herriak. Espainiatik, Ingalaterratik, Alemaniatik edo Ameriketako Estatu Batuetatik bidaltzen diren bezalaxe eramaten dituzte jaurtigaiak eta bonbak Santurtzitik (Bizkaia). Europak eta Ameriketako Estatu Batuek babestu egiten dituzte Saudi Arabiak Yemenen egindako inbasioa eta sarraskia; izan ere, negozioa egiten dute horri esker. Espainiako Gobernuaren Ministerioarteko Batzorde deiturikoak baimentzen ditu armen salmenta kontratuak, baina, gure ustez, hori guztia Euskal Herriko instituzioen –Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Portuko Agintaritza...– babesarekin egiten da. Eta hori salatu beharra zegoen.

Gerra negozioa al da Euskal Herrian?

Oso negozio handia da. Gainera, armak ekoizten dituzten enpresek Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza handiak jasotzen dituzte. Baina gaia isilduta dago nolabait, estalita. [Iñigo] Urkulluk irratian esan zuen behin Euskadin ehizarako edo kirolerako eskopetak bakarrik egiten zirela, baina hori ez da egia. Hala ere, egia da Euskal Herriko enpresa batzuek proiektu zibilak egiten dituztela, eta ez soilik armak (ITP, Aernnova...). Beste batzuk, ordea, armen negozioan sartuta daude: Andoaingo SAPA enpresak –Realeko presidentearena da–, adibidez, armak soilik egiten ditu. Askotan, armen atalak, atal txikiak eta garrantziarik gabekoak, soilik egiten direla erabili izan da aitzakia gisa, baina Zamudioko (Bizkaia) ITP enpresak, esaterako, Eurofigther gerra hegazkinen motorrak egiten ditu. Hegazkin horiek Siria eta Yemen bonbardatzeko erabiltzen dituzte AEBek eta Saudi Arabiak.

Armagintzaren ekoizpena handia al da Euskal Herrian? Nora esportatzen dituzte armak, batez ere?

Euskal Herrian misilak, elektronika militarra, tankeak, garraio militarrak, granadak, radarrak, droneak eta helikoptero eta hegazkin militarren osagarriak ekoizten dira. Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako lehen esportatzailea da, eta bigarrena Katalunia. Euskal Herriko enpresek ekoiztutako piezekin egindako armak, besteak beste, Turkiara, AEBetara, Saudi Arabiara, Frantziara nahiz Europako beste hainbat herrialdetara esportatzen dituzte.

Herrialde batzuetan dagoeneko debekatu dute armak Saudi Arabiara esportatzea. Espainiak halako neurririk hartzea posible ikusten al duzu?

Egia esan, ez. Espainiako Gobernuak saiakera txiki bat egin zuen joan zen udan Saudi Arabiari bonba inteligenteak ez saltzeko, baina laster ikusi genuen interes ekonomikoek eta Saudi Arabiarekin dauzkaten kontratuek (Navantia enpresaren kasua, adibidez) nola eragiten duten. Egia esan, baina, Espainiako eta Europako hainbat legeren kontra egiten dute salmenta guztia, hala nola Nazio Batuen Arma Merkataritza Itunaren, Europako Batzordearen Jarrera Bateratuaren eta arma merkataritza eta erabilera bikoitzeko salgaiei buruzko 2007ko Espainiako 53. Legearen aurka. Halere, Espainako Ministerioarteko Batzordeak baimentzen dituen kontratuak "legezkoak" dira, nahiz eta maila gorenean dauden legedia horien aurkakoak izan. Italian, adibidez, talde batzuek eraman dute gobernua auzitara Saudi Arabiari armak saltzeagatik, baina oraindik ez dago epairik. Bestalde, Europako Batzordeak urtero gomendatzen die estatu kideei Saudi Arabiari armarik ez saltzeko, baina gomendio horiek ez dira derrigor bete beharrekoak. Eta Ameriketako Estatu Batuetan ere hasi dira mugimendu batzuk, baina, orokorrean, dena oso poliki doa. Uste dut Yemengo gerra nazioarteko presioari esker amaituko dela noizbait, baina ez dut uste Espainiak inolako rolik izango duenik horretan; are gutxiago Eusko Jaurlaritzak.

Dokumentalean armagintzaren industriaren alternatibak aurkezten dituzue. Zeintzuk dira horiek?

Armagintzaren finantza egituraren kontra, alernatiba bezala, Banka Etikoa aipatzen dugu. Gainera, unibertsitateek arma-enpresekin dituzten ikerketa proiektuak salatzen ditugu; izan ere, unibertsitateak lidergoa hartu behar luke gizarte inklusiboagoaren eta iraunkorragoaren aldeko lanean. Horrez guztiaz gain, armagintzak lanpostu asko sortzen dituela ezeztatzen dugu; izan ere, frogatuta dago beste sektore batzuek lanpostu gehiago sortzen dituztela inbertsio gutxiagorekin eta giza kosturik gabe.

Orain dela gutxi estreinatu zenuten lana. Zer harrera izan du?

Izugarrizko harrera izan du orain arte egin ditugun aurkezpenetan. Kasu batzuetan, askotariko ikusleak bertaratu dira aurkezpenetara, eta uste dugu lortu dugula gaiarekin konprometituta ez dagoen jendearengana iristea ere, nolabait egoeraren dimentsioa eta larritasuna helaraztea lortu dugulakoan gaude.

Finantzaketa kolektibo kanpaina egin zenuten proiektua sustatzeko. Zer balorazio egiten duzue emaitzaz?

Kanpainan 250 pertsona inguruk parte hartu zuten, eta ia 14.000 euro lortu genituen. Horri esker izan da posible grabaketa eta produkzio osoa aurrera eramatea eta Yemenen grabatzea. Gainera, herri finantzazio horri esker, ikuspegi kritikoa mantentzeko libre izan gara, ez baita instituziorik edo ekoiztetxerik inplikatu proiektuan. Beraz, gure ko-finantzatzaileez aparte, ez diogu inori azalpenik zor, eta ko-finantzatzaile horiek gure ikuspegi kritikoa partekatzen dute.

Armagintzaren gaia salatzeko egin duzu ikus-entzunezkoa. Euskal Herrian ba al da gaiaz kontzientziarik?

Betidanik izan dira armagintzaren eta militarismoaren kontrako egitasmoak, jardunaldiak eta mobilizazioak Euskal Herrian. Egia da, ordea, Bilboko portuan gertatutakoaren ondoren, Roblesi esker, garrantzia handia hartu duela gaiak azken urtebetean. Gasteizkoak kolektiboak, adibidez, Eusko Label produktuen azoka egitasmoa (arma azoka ironikoa) eta jardunaldiak antolatu ditu aurten Gasteizen gaia gizarteratzeko.