The Wizards eta The Hammer Killers taldeek metal doinuz jantziko dute Sanagustin zapatuan

Uztarria.eus 2019ko ots. 13a, 11:13

The Hammer Killers Bermeoko taldea da, eta Bilbokoa, berriz, The Wizards. Kontzertuak 23:00etan hasiko dira, eta sarrerak aurrez zein egunean bertan erosteko aukera egongo da, bost euro ordainduta. 

Datorren asteburuan, beste aste batez, musikaz beteko da Sanagustin kulturgunea. Izan ere, zapatuan, otsailak 16, metal doinuak izango dira protagonista, The Wizards eta The Hammer Killers musika taldeen kontzertuekin. 

The Hammer Killers Bermeon sortutako taldea da. Ibilbide luzea du, 2003. urtearen inguruan sortu baitzen. Gaur egun, Urtzi Hammerrek (ahotsa eta baxua), Aitor Bengoak (gitarra eta koroak) eta Toni Guarrotxenak (bateria) osatzen dute musika taldea. 2018ko urtarrilean plazaratu zuten azken diskoa, Maquina izenekoa. Bertan jasotako kantuak eta beste hainbat eskainiko dituzte larunbateko zuzenekoan. 

The Wizards, aldiz, Blbon sortutako taldea da. 2018an Espainian plazaratutako heavy metal diskorik onena da The Wizards taldearen Rise of serpent lana. Bilboko taldeak 70. hamarkadako proto heavy metal gordina egiten dute. Kontzertu biziak eta indartsuak eskaintzen dituzte The Wizardseko musikariek, eta musikari dioten pasioa nabari zaie oholtza gainean. 

Kontzertuak 23:00etan hasiko dira. Sarrerak Kulturaz.eus webgunean eta Sanagustin kulturgunean daude salgai, bost eurotan. Kontzertuen egunean ere sarrerak erosteko aukera egongo da, Sanagustinen bertan.