Alaitz Badiola txapeldun, Emakumea Pilotari Txapelketaren Bigarren Mailan

Uztarria.eus 2019ko ots. 9a, 11:26
Usue Zubizarreta eta Alaitz Badiola Bigarren Mailako txapelekin eta garaikurrekin, antolatzaileak aldamenean dituztela. (Mailo Oiarzabal)

Azpeitiarrak, Usue Zubizarretarekin bikotea osatuta, 22 eta 14 irabazi zuen atzo Zestoan Ane Arteagaren eta Naroa Agirreren kontra jokatutako finala.

Alaitz Badiolak etxean du jada federatutako pilotari gisara irabazi duen aurreneko txapela. Atzelari azpeitiarrak, Usue Zubizarreta bergararrarekin bikotea osatuta, Emakumea Pilotari Txapelketaren Bigarren Mailako finala irabazi zuen atzo, Zestoako kiroldegian; Ane Arteaga eta Naroa Agirre 22 eta 14 hartu zituzten mendean Zubizarretak eta Badiolak. Horrenbestez, bailarakoen artean jokoan zen txapela Azpeitira ekarri zuen Badiolak.

Bigarren Mailako final borrokatua eta gogorra ikusi ahal izan zuten Zestoako kiroldegiko frontoiko harmailetan elkartu ziren ikusleek, tanto luzeekin eta markagailuak erakusten zuena baino emozio handigoarekin. Harmailetan ere giroa beroagoa izan zen iluntzeko lehen final horretan, ondoren etorri zen final nagusian baino; izan ere, gertuko bi pilotari kantxan izanda, ikusle gehienek gertuagotik jarraitu zuten finala. Lehen Mailakoan, gainera, aiseago nagusitu ziren txapeldunak. Ainhoa Urienek eta Patri Espinarrek 22 eta 12 irabazi zieten Maider eta Nora Mendizabali.

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak lehen aldiz antolatu du emakume esku pilotariei zuzendutako txapelketa.

Atzoko Zestoako jaialdiaren argazki bilduma Urola Kostako Hitzaren webgunean ikus daiteke.