Karmelo Etxegarai Ikastolan leiho eta ate berriak jarri ditu Udalak

Uztarria.eus 2019ko ots. 5a, 12:32

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik Euskal Herria auzoan duen eraikineko leihoak eta ateak aldatu ditu Udalak, ikastetxearen zuzendaritzak hala eskatuta. Udalak adierazi duenez, ateak eta leiho berriak jarrita, "lehen ez zuen isolamendua" izango du aurrerantzean eraikinak, eta beraz, hango energia kontsumoa ere murriztu egingo dela aurreikusten du. Gainera, leiho berriak lehenegoak baino handiagoak dira, eta ondorioz, gelak aireztatzeko erraztasun gehiago izango dute orain.

Guztira, 70.000 euroko aurrekontua izan dute lanek, eta horietatik zati bat Eusko Jaurlaritzak hezkuntza publikoko eraikinak eraberritzeko ematen dituen diru laguntzen bidez finantziatu du Udalak. Lanei degokienesz, Leire Goenaga Hezkuntza zinegotziak azaldu du azken urteetan hainbat berrikuntza egiten ari direla ikastetxea eta udala elkarlanean: "Leihoen eskaera jaso genuenean, ikastetxerako eta bertako haurrentzako ezinbestean egin beharreko lana zela iruditu zitzaigun, eta aldatu egin ditugu".

Euskal Herria auzoko eraikinekoak ez ezik, Perdilegiko eraikineko leihoak ere aldatzea ezinbestekotzat jo du Udalak, eta horretarako tramiteak aurrera doazela jakinarazi du. Udalaren esanetan, lan horiek egiteko diru laguntzak eskatu dizkiote dagoeneko Jaurlaritzari. Ikastetxeko zuzendari Camino Sanz, bere aldetik, "pozik" agertu da Udalak egindatako eta egingo dituen lanekin: "Leiho berriek gurera ekarri duten aldaketa benetan positiboa da ikastetxearen egunerokorako zein haur eta gaztetxoen ongizaterako. Izan ere, arazo askori irtenbidea eman diogu".