Igandeko Zuhaitz Egunean parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak

Uztarria.eus 2019ko urt. 30a, 17:04
Antolatzaileak eta eragileak, igandeko Zuhaitz Egunaren kartelekin. (Udala)

Aurten Goenan landatuko dituzte zuhaitzak; 75 landare, guztira. 10:30ean egin dute hitzordua bertan Udalak eta Ekoetxeak, eta horiekin bat egin duten eragileek: herriko ikastetxeek, Lagun Onak Mendi Bazkunak, Baigerak eta aurten egitasmora lehen aldiz batuko den Lagun Onak Futbol Taldeak.

Igande honetan izango da aurtengo Zuhaitz Eguna Azpeitian. Aurten, Goena aukeratu dute eguna ospatzeko egin ohi duten zuhaitz landaketarako. Guztira, 75 zuhaitz landare sartuko dituzte igandean Goenako gunean. 10:30ean jarri dute hitzordua hango zabalgunean; bi ordu inguruko saioan zuhaitzak landatu ondoren, hamaiketakoa eskainiko zaie bertan parte-hartzaile guztiei.

Hain zuzen ere, herritarrei zuhaitz landaketan parte hartzeko gonbidapena egin diete Udalak eta Ekoetxeak, Zuhaitz Eguna elkarlanean antolatu duten erakundeek. "Herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu, familian zein lagun artean goizaz gozatzeko", adierazi du Aitor Bereziartua Ingurumen zinegotziak. Aurreko urteetan bezala, herriko zenbait eragile batu zaizkie antolatzaileei Zuhaitz Egunerako: herriko ikastetxeak, Lagun Onak Mendi Bazkuna, Baigera eta aurten egitasmoarekin lehen aldiz bat egingo duen Lagun Onak Futbol Taldea. "75 urte betetzen dituzte, eta 75 zuhaitz landatuko ditugu Goenan", esan du Bereziartuak.

Gizartea berdeguneen garrantziaz sentsibilizatzea eta ingurumenaren zaintzan herritarrak subjektu aktibo izatea dira Zuhaitz Egunaren helburu nagusiak. Azken hiru-lau urteetan Udalak 350 zuhaitzetik gora landatu dituela nabarmendu dute Zuhaitz Egunaren berri ematerakoan, "berdeguneak berreskuratzeko egin duen ahalegina" ahaztu gabe: "Izarraizko Atea parkea zelai bat izatetik berdegune publiko bat izateko bidea egin genuen, eta orain, pixkanaka, Goena berreskuratzeko lanean ari gara. Berdegune bilakatu dugu, eta igandean zuhaitzak landatuko ditugu", azaldu du Ingurumen zinegotziak.