Big Dataren eta adinekoen bakardadearen inguruko jardunaldiak eskainiko dituzte Basazabal jauregian

Uztarria.eus 2019ko urt. 30a, 18:03
Joseba Doistua Deustuko Unibertsitateko ordezkaria, Leire Goenaga eta Estitxu Elduaien zinegotziak eta Gloria Martin psikologoa. (Maialen Etxaniz)

Azpeitiko Udalak eta Deustuko Unibertsitateak antolatu dituzte formakuntza saioak, elkarlanean. Big data teknologiaren inguruko jardunaldia otsailaren 6an izango da. Adinekoen bakardadeari aurre nola egin lantzeko saioa, aldiz, otsailaren 7an. Bi jardunaldiak goizez egingo dituzte, 09:00etatik 14:00etara. Saioetan parte hartzeko izena eman behar da aurrez.

Azpeitiko Udalak eta Deustuko Unibertsitateak bi jardunaldi eskainiko dituzte otsaileko aurreneko astean. Otsailaren 6an, asteazkena, Big Data teknologiaren inguruko jardunaldia egingo dute. Otsailaren 7an, aldiz, adineko pertsonen bakardadearen inguruko jardunaldia izango dira. Bi hitzorduak berritu eta formaziorako egokitu duten Basazabal jauregian eskainiko dituzte, goizetik eguerdira bitartean. Enpresetako kideek nahiz interesa duten herritarrek parte har dezakete Basazabalen eskainiko diren aurreneko formazio saioetan. Gaur azaldu dituzte jardunaldien inguruko xehetasun guztiak Estitxu Elduaien eta Leire Goenaga zinegotziek, Joseba Doistua Deustuko Unibertsitateko ordezkariak eta Gloria Martin psikologoak. 

Jardunaldien inguruko xehetasunak

Otsailaren 6ko jardunaldia Big Data, eraldaketa digitalaren faktore kritikoa izenburupean egingo dute, 09:00etatik 14:00etara. Eskualdeko enpresa eta norbanakoei dago zuzenduta, eta helburua da interesa dutenei Big Data teknologiaren ezaugarrien berri ematea eta enpresetan aplikatzeko aukerak ezagutaraztea. Big Datan adituak diren zenbait kidek eskainiko dute bost ordu iraungo duen jardunaldia.

Honako hauek dira saioan landuko dituzten gaiak:

  • Digitalizazioa. Eraldaketa digitalaren aroaren sorrera.
  • Customer Journey-en eboluzioa.
  • Big Data: asmoa edo errealitatea.
  • Datuen ereduak eta erabilera kasuak: deskribapenetik preskripziora.
  • Praktika onenak: Big Data, uste genuena baino gertuago.

Otsailaren 7ko jardunaldian, aldiz, adinekoen bakardadeaz eta horri aurre egiteko dauden moduez hitz egingo dute Nola egin aurre adineko pertsonen bakardadeari? izenburupean. Saio horren xedea da adineko pertsonen egoera hobeto ezagutzeko eta beren bizi baldintzak hobetzeko baliabideak eskaintzea. Saioa 09:00etan hasiko da eta 14:00etan bukatu. Hainbat adituk hartuko dute hitza jardunaldian, hala nola Javier Yanguas psikologoak, Gloria Martin psikologoak eta Edurne Zubia Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradun teknikoak.

Gloria Martin psikologoak azaldu duenez, jardunaldian zehar adineko pertsonen bakardadeaz ez ezik, haien zaintzaz arduratzen diren pertsonen beharrez eta senti ohi duten bakardadeaz ere hitz egingo dute. Martinen hitzetan, XXI. mendeko "gaixotasuna" da bakardadea. Gaur egun norbanako bakoitzak bere beharrei "soilik" erreparatzen diela adierazi du psikologoak, eta, horren harira, laguntzeko prest dauden boluntarioen ekarpena azpimarratu du. Martin psikologoaren arabera, adineko pertsonen zaintzaileek "hainbat behar" izaten dituzte, eta zenbaitetan "bakarrik" sentitzen dira. Horregatik eutsiko diote gaiari otsailaren 7ko jardunaldian. Udala adinekoen beharrak identifikatzeko egiten ari den azterketaren osagarri izango da saioa. 

Izen-ematea eta prezioak

Hilaren 6ko edo 7ko saioetan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurrez. Izen-ematea egiteko ez da epemugarik egongo, eta hiru modutara egin daiteke: Basazabal jauregira bertaratuta, formazioabasazabal@azpeitia.eus helbidera idatzita edo 688-845 118 telefonora deituta. Azpeitian erroldatuta dauden pertsonek 7,5 euro ordaindu beharko dute izen-ematea saioko. Erroldatuta ez daudenek, aldiz, 9,4 euro.

Basazabal, formaziorako gune

Joan zen ostiralean ireki zuten eraberritutako Basazabal jauregia. Bertan, Azpeitiko Turismo Bulegoa eta formaziorako gelak egokitu ditu Udalak. Horren harira, Estitxu Elduaien zinegotziak azaldu du herritarren formakuntza sustatzeko lanean aritu dela Udala azken urteetan: "Badira 2-3 urte Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean ikastaro eta jardunaldiak antolatzen ditugula profesionalentzat nahiz jorratutako gaietan interesa duten norbanakoentzat. Bide horretan antolatu ditugu otsaileko bi jardunaldiak ere". Leire Goenaga Formazio eta Hezkuntza zinegotziak ere Udalak formazioa sustatzeko egindako "apustua" azpimarratu du: "Azken urteetan herritarren formazioa indartzeko bideak ireki ditugu unibertsitateekin eta eragileekin hitzarmenak eginda. Orain, Basazabal eraikinean elkartuko dugu eskaintza. Modu horretan, lortu nahi duguna da Basazabal jauregia baliagarri izatea formakuntza eman edo eskaini nahi dutenentzat".