Zaharberrituta, zabalik da Basazabal jauregia

Uztarria.eus 2019ko urt. 26a, 13:08

Hamarkada luzez itxita egon ostean, atzo zabaldu zituzten Basazabal jauregi eraberrituaren ateak. Inaugurazio ekitaldia egin zuen Enparan kaleko eraikinean, eta ikusmina sortu zuen haren irekierak; izan ere, herritar ugari izan zen goitik behera zaharberritu duten eta XIV. eta XV. mendeen artean egindakoa den babestutako ondare historikoa bisitatzen. Erakundeetako ordezkari ugari ere izan ziren atzoko ekitaldian, hala nola Azpeitiko Udaleko ordezkariak, Azkoitiko nahiz Zestoako udaletakoak, eta Gipuzkoako Foru Aldundikoak.

Eneko Etxeberria alkateak hartu zuen hitza, eta hark esan zuen historia berreskuratzeko "beste pauso bat" izan dela Basazabal. Horri lotuta, datu esanguratsu bat jakinarazi zuen Etxeberriak: "Historiako euskarazko lehen inkunablea –XV. mendeko inprimatutako liburuak– Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae (1545) da, baina eraikin hau berreskuratzeko lanak egitean euskarazkoa izan daitekeen beste inkunable bat aurkitu dugu. Hain zuzen ere, Martin Zurbano Tuyko obispoak idatzitakoa da, 1516koa, eta hark Alejandro VI.a Aita Santuaren aurrean egindako diskurtsoa dago jasota inprimakian. Beraz, testua euskarazkoa dela frogatzen bada, Etxeparerena baino zaharragoa izango da".

Esker hitzak ere izan zituen alkateak, bai Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat, bai Eusko Jaurlaritzarentzat; izan ere, bi erakunde horietatik eraikina berritzeko dirulaguntza garrantzitsuak jaso dituztela esan zuen. Gainera, alkateak eskerrak eman zizkien proiektuaren bueltan lanean aritu diren pertsona guztiei, hala nola udaleko langileei. Etxeberriaren ostean, Agustin Lizarralde Turismo zinegotziak hasi zuen hitzartzea, eta hark gogorarazi zuen erakundeen eta norbanakoen laguntza beharrezkoa izan dela proiektua garatzeko: "Horien laguntzarik gabe gaur ez ginatekeen hemen egongo".

Gaur eta bihar zabalik izango dira Basazabaleko ateak. Gaur, 18:00etatik 20:00etara bisitatu ahal izango dute jauregia herritarrek, eta bihar 11:00etatik 14:00etara bitartean.

Turismoa eta formazioa

Lau solairu ditu Basazabal eraikinak, eta denak egokitu eta hornitu dituzte. Beheko solairuan turismo bulegoa zabalduko dute, eta goiko solairuetan erabilera anitzeko gelak egin dituzte, besteak beste, ikastaroetarako edo ekitaldietarako. "Formaziorako pauso garrantzitsu bat eman dugu. Azken urteotan, Udala apustu estrategikoa egiten ari da formazioan, eta horren erakusle dira UEUk, EHUk, Deustok eta Udalak antolatzen dituzten ikastaroak", azaldu zuen Etxeberriak. Hark formazioaren garrantzia azpimarratu zuen, bere ustez hori delako etorkizuna hobetzeko tresnarik eraginkorrena. 

Babestutako eraikina da Basazabal jauregia, eta lanak hori kontuan izanda egin dituzte. Hain zuzen ere, etxearen egitura mantentzeaz gain, eraikinaren filosofiarekin egin dituzte gelak. Udalarentzat aberastasuna sortzeko tresna ere izango da Basazabal. "Gurean turismoak ez du eragin negatiborik. Urte askoan ari dira bisitariak Loiolara etortzen, baina Loiolatik ez dira Azpeitira gerturatzen. Esango nuke, askok ez dakitela Loiola Azpeitian dagoenik ere. Gure industriarentzat osagarri izango da, eta saltoki txikientzat, tabernentzat eta jatetxeentzat, aukera", azaldu zuen Etxeberriak.