Ehunka herritar hunkitu ditu 'Pumori, mendiaren alaba' dokumentalak

Uztarria.eus 2019ko urt. 25a, 13:00

Soreasu antzokia gainezka zela estreinatu zuten atzo, osteguna, Pumori, mendiaren alaba dokumentala. Estreinaldi bikoitza izan zen atzokoa, filmak eragin zuen ikusmin handia tarteko, bi aldiz eman baitzuten ikus-entzunezkoa: 21:00etan eta 22:30ean. Guztira, 900 ikus-entzule inguru izan ziren bi emanaldietan. Harrera beroa jaso zuen filmak, eta emanaldiaren amaieran, nabari zen jendeari gustatu zitzaiola. Hunkituta atera zen aretotik herritar bat baino gehiago.

Lanak 2001ean Pumori mendira eginiko espedizioan hil ziren bost euskal mendizaleak –Beñat Arrue aizarnarra, Iñaki Aiertza aizarnazabaldarra, eta Aritz Artieda, Javier Arkauz eta Cesar Nieto nafarrak– omentzea eta Suku Mayaren istorioa kontatzea ditu helburu. 2001etik ez zen euskal espediziorik igo Pumorira, eta 2017ko urtarrilean, gailur horretara (7.161 metro) iritsi zen Alex Txikon mendigoizale lemoarra. Harena izan da dokumentala egiteko ideia; beraren espedizioa eta 2001ekoa uztartu ditu kontakizunean. Baleukoren eta ETBren laguntzarekin ondu du filma, Iban Gonzalezen zuzendaritzapean. 

Alex Txikon K2 gailurrera bidean da uneotan, eta atzokoan, ezin izan zuen dokumentalaren estreinaldian izan. Hori dela eta, hark K2ren magalean grabatutako bideo bat eman zuten atzoko emanaldiaren hasieran. Dokumentala eman zuten jarraian, eta 2001eko espedizoan izan ziren hainbat mendizalek hitza hartu zuten bertan: Xabier Osinalde azpeitiarra, Jexux Mari Errazu aizpurutxoarra eta Xabier Ostolaza eta Jon Odriozola zestoarrak agertu ziren filmean, sasoi hartan gertatutakoa azaltzen. Horrez gain, Beñat Arrue zenaren gurasoak –Arantxa Gurrutxaga eta Pello Arrue– eta haiekin bizi den Suku Maya nepaldarra agertu ziren dokumentalean.

Dokumentalean ez ezik, atzoko estreinaldian ere izan ziren aipatutako pertsona horiek; filmaren amaieran, oholtzara igo ziren guztiak. Mendizaleak hunkituta zeuden, eta ez zuten hitz egin nahi izan. Suku Maya, ordea, animatu zen hitz egitera: "Eskerrik asko bihotz-bihotzez", esan zuen bere istorioa entzunda hunkituta zeuden ehunka lagunen artean. Ondoren, bere hizkuntzan abesti bat kantatzera ausartu zen, eta txalo zaparrada luzea jaso zuen. Amaieran, dokumentalaren karteleko irudia jasotzen duen koadro bat oparitu zioten filmaren sustatzaileek.

Azpeitiko estreinaldiaren ondoren, ikus-entzunezkoaren emanaldi gehiago etorriko dira datozen egunetan; Lakuntzan, Etxarrin, Iruñean, Donostian eta Bilbon emango dute dokumentala, besteak beste. Telebistan ere ikusi ahal izango da: otsailaren 7an emango dute, ETB1en.