Euskal ekoizleen bilgune izango den 'Euskalproduktuak.org' webgunea martxan da

Uztarria.eus 2019ko urt. 21a, 16:15

Azpeitiko Azoka Plazaren ereduarekin bat egiten duen egitasmo bat aurkeztu dute gaur, Azoka Plazan bertan: euskal ekoizleen bilgune izango den Euskalproduktuak.org. Sarbide librea duen Euskal Herriko ekoizleen datu basea da webgunea. Euskaldendak elkarteak garatu du egitasmoa, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako merkatariei euskal produktuak bilatzea errazteko helburuarekin. 60 sektore eta 3.000 ekoizletik gora biltzen ditu atariak; produktuen edo sektorearen arabera, ekoizleak aurkitzen laguntzen duen bilatzailea da, eta ekoizle bakoitzak bere fitxa pertsonala du webgunean. Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babesa du proiektuak.

Xabier Aldalur Bertan merkatari elkarteko eta Dendarteaneko teknikariak azaldu duenez, "gure erroetara eramango gaituen proiektua" da gaur aurkeztu dutena. "Ekoizleen eta merkatarien arteko loturak indartzen ditu egitasmoak. Euskaldendakentzako tresna estrategikoa da webgunea, etorkizunera begira, tokiko merkatariei konpetentziarekiko bereiztea ahalbidetuko diena". Hainbat helburu du proiektuak: bertako produktuak merkataritzaren sektorera gerturatzea, bertako ekonomia sustatzea, herrietako lanpostuak babestea...

Bittor Lizarribar Euskaldendakeko lehendakariak eta proiektuaren sustatzaileak adierazi duenez, azken bi urteetan egindako lanaren emaitza da euskalproduktuak.org plataforma. "Euskaldendak Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza plataforma handienetakoa da; 4.000 bazkidetik gora ditu. Merkataritzaren profesionalizazioa bilatzen dugu, gauzak egiteko modu berri bat, merkataritza bezeroen beharretara egokituz. Bezeroek gero eta gehiago adierazten dute bertan ekoitzitako produktuenganako interesa, eta balioa eman nahi diegu bertako ekoizleei proiektu honen bidez. Merkatarien eta ekoizleen arteko lotura sortu nahi dugu, eta bezeroek lurralde ezberdinetan aurki daitezkeen eskaintzaren berri izatea, kasu askotan ez baikara horren jakitun izaten". Sektorea bezala, webgunea ere "bizia" dela azaldu du.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea pozik azaldu da Azoka Plaza aukeratu dutelako plataformaren aurkezpena egiteko: "Eraikin hau oso ederra da, baina hori baino garrantzitsuagoa da edukia. Hemen aldarrikatzen duguna da bertako produktuaren balioa. Eraikin honek esanahi handia dauka, bertako produktuen aldeko eta kontsumo arduratsuaren adierazle da, eta erakusten du dena ez dagoela galduta". Horrez gain, alkateak eskerrak eman dizkie merkatari txikiei egiten duten lanagatik: "Eskerrik asko egunero pertsiana igotzen duten dendariei. Ezin dugu irudikatu edozein herri merkatari txikirik gabe, guretzat horrelako herriak hilda leudeke. Gaurkoa bezalako proiektuekin erakusten dugu dendarik gabeko herririk ez dugula nahi etorkizunean, eta horregatik azpimarratu nahi dugu merkatari txikiek egiten duten lan kulturala eta soziala".

Juan Andrades Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza zuzendariak azaldu du "denbora asko" daramatela jaurlaritzan merkataritza sektorearen egoeraz hausnartzen. "Langabezia tasa jaisten ari da, baina merkataritzaren dentsitatea beheraka doa etengabe. Sektore ekonomikoaren digitalizazioak eta erabiltzaileen ohitura aldaketak eragin du hori. Horren aurrean, sektoreak modernizatu beharra izan du, eta hori mehatxu moduan ikusi beharrean, hazteko aukera gisa ulertu behar dugu. Uste dut ezinbestekoa dela denok –erakundeek, elkarteek nahiz adituek– elkarrekin norabide berean lan egitea, orain arte egiten ari garen bezala". Hitzartzea bukatzeko, Andradesek azaldu du jaurlaritzak "konpromisoa" duela gaiaren inguruan hitz egiteko eta lanean jarraitzeko.

'Dendago.com', salmentarako gunea

Dendago.com plataformaren inguruko xehetasunak ere eman ditu Xabier Aldalurrek. Euskal merkatarien online salmenta plataforma da, eta webgunearen bidez, beren produktuak saltzeko aukera dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako merkatariek. Duela hilabete gutxi aurkeztu zuten webgunea, eta Aldalurrek azaldu duenez, merkatari ugari animatu da bertan produktuak salgai jartzera.

Aurkezpenaren ostean, Xabier Izagirre Elikaguneko sukaldariak mokadutxo bat prestatu du bertaratu direnen aurrean. Ondoren, luntxa izan da.