Jose Luis Garate: "Irteeren erdiak baino gutxiago dira suari lotuak"

Uztarria.eus 2019ko urt. 21a, 17:15

Jose Luis Garate. (Julene Frantzesena)

Suhiltzaileak mangerarekin eta su-itzalgailuarekin imajinatu ohi dira. Askoz ere zabalagoa da, baina, horien lan esparrua. Hala dio Azpeitiko suhiltzaileen etxeko buruak, Julene Frantzesena kazetariak 2019ko urtarrileko Uztarria aldizkarirako egin dion elkarrizketa honetan.

Urolako suhiltzaileen etxeko burua da Jose Luis Garate (Azkoitia, 1966). Suhiltzaileak mangerarekin eta su-itzalgailuarekin imajinatu ohi dituzte herritarrek, baina hark dioenez, suteetakoak baino "bestelako" esku-hartze gehiago egiten dituzte urtean zehar.

Azpeitiko parkean, zein da zure egitekoa?

Bi lagunen artean eramaten dugu zuzendaritza. 24 orduko txandetan antolatu ginenean hasi ginen modu horretan funtzionatzen. Gu, batez ere, parkearen mantenuaz, kamioien jarraipenaz, erosketez... arduratzen gara. Horrez gain, esku-hartzeetan ere parte hartzen dugu: lau laguneko lantalde bat egoten da –hiru suhiltzaile eta arduraduna–, eta gu antolakuntzaz arduratzen gara. 26 suhiltzaile gaude Azpeitiko parkean, eta horrela asko garela ematen du, baina egunero 24 orduz egiten dugu lan, urteko 365 egunetan.

Gaur egun zein da suhiltzaileen egoera?

Jende gehiago eskatzen ari gara, borrokan ari gara. Gutxieneko lantaldea bostekoa izatea nahi dugu, laukoa motz gelditzen delako. Ni, guardian nagoenean, adibidez, lau parkeren gainean egoten naiz –sarjentu denak bezala–. Horrenbestez, Azpeitikoan, Zarauzkoan, Eibarkoan edo Oñatikoan zerbait gertatzen baldin bada, autoa hartu eta bertara joan behar izaten dut. Parkean egotea tokatzen bada, lau lagunekin nahikoa da, baina zerbait gertatzen denean... Suteren bat badago, lau lagun gutxiegi dira; izan ere, suteetara ez gara sekula banaka sartzen, duten arriskuagatik eta keagatik. Hori dela eta, binaka sartuta laster batean gelditzen gara talde justu samarrarekin. Krisi garaian Espainiako Gobernuak ezarri zuen lege bat tarteko, zortzi-bederatzi urtean ez da suhiltzaile izateko oposaketarik egin. Tarte horretan jubilatu egin da hainbat lagun, eta lan-poltsatik kontratatu dira suhiltzaile berriak. Poltsa, baina, agortu egiten da. Gainera, azken oposaketa proposatu zen bezala proposatu zelako, emaitzak izan zirenak izan ziren, eta ez da osatu lan-poltsarik. Lan-poltsarik ez dagoen kasuetan langileok egiten ditugu ordezkapenak; hainbat kasutan derrigortuta gaude lankideen ordezkapenak egitera. Hori horrela izanik, orduak pasatuta gabiltza...

Suhiltzaile boluntarioen postuak deuseztatu zituzten orain pare bat urte...

Bai, baina ez zen bat-bateko kontua izan. Horien sostengua garrantzitsua izan zen. Adibidez, sarjentu postua atera aurretik Ordizian aritu nintzen suhiltzaile lanetan, eta han bi lagun egoten ginen txanda bakoitzean; boluntarioek asko laguntzen ziguten. Hiru-lau laguneko lantaldeak izatera pasatu ginenean, baina, ez genuen boluntariorik eskatzen esku-hartze txikiak zirenean, eta oso luzea bazen, laguntza guardia egitera etortzeko eskatzen zitzaien. Suhiltzaile etxeetako funtzinamendua aldatu zenean, asko jaitsi zen boluntarioen esku-hartze kopurua. Lehen ez zen pentsatu ere egiten parke batetik bestera laguntzera joaterik zegoenik. Gaur egun, ordea, ahalik eta jende gehienak ahalik eta denbora gutxienean egiten dugu lan, eta esku-hartze handi bat dagoenean, eremu jakin horretako suhiltzaileei beste parkeetakoek laguntzen diete. 10-15 minutuan gertaeraren tokian izaten da beste laukote bat, dituen baliabide guztiekin. Horrek ere eragin zuen boluntarioak noraezean gelditzea.

Asko profesionalizatu al da suhiltzaileen lana azken urteetan?

Bai, une jakin batean erabaki zuten Gipuzkoan ere zerbait egin behar zela. Zortzi parke irekitzeko erabakia hartu zuten, eta oso ondo ekipatu zituzten horiek. Pertsonala ere, gutxinaka, gehitzen joan dira. Egun, suhiltzaile profesionalen egitura ederra dago Gipuzkoan, eta garrantzitsua da hori mantentzea. Orain parkeak erabat profesionalak dira, eta beti daude suhiltzaileak lanean. Hori ere aldea da. Gainera, dena idatzita dago, protokoloa eta lan egiteko modua jasota daude, eta prestakuntza eta lanerako dinamika ere baditugu. 24 orduko guardiek ahalbidetzen dute prestatzen jarraitzea.

Zer egiten duzue 24 orduko guardietan?

Ordutegia aldatzean erabaki zen 14:00etan egitea errelebo trukaketa. Erabaki ona izan zen; horrela arratsaldean praktikak egiten ditugu, gauean deskantsatu egiten dugu, eta goizean beste ekintzaren bat edo kamioien mantenua egiteko beta izaten dugu.

Eta sirena pizten denean?

Dena zehaztuta dago. Dei bakoitza sailkatuta dago, eta koloretako semaforo batek esaten digu zer nolakoa den gertaera. Ateak ere automatizatuta daude, eta pantaila batean agertzen zaigu zer gertatu den. Sirenak hastearekin, abisua ematen digute megafoniatik, hala nola gertaeraren helbidea-eta jakinarazten dizkigute. Badakigu basoko sute, istripu edo erreskate batera zer ibilgailu eraman behar ditugun, dena zehaztuta dago. Dena den, abisuak orientatzaileak dira; dugun informazioaren arabera, guk hartzen dugu azken erabakia.

Urtean zehar, zer motatako irteerak egiten dituzue gehien?

Jendeak suhiltzailea suarekin lotzen du beti, baina gaur egun egiten ditugun irteeren erdia baino gutxiago dira suari lotutakoak. Azken boladan mendiko erreskateak gehitu dira: jende asko ibiltzen da mendian, eta min hartutakoak asko izaten dira eremu batzuetan. Askotan horiek artatzera ezin izaten dute iritsi anbulantziek, eta halakoetan hasten da gure lana. Izan ere, guk jaitsi behar izaten dugu ezbeharra izan duen pertsona hori anbulantziara. Bestalde, pertsona helduek etxean izaten dituzten istripu txiki askotara ere joan behar izaten dugu; horrelako esku-hartze kopurua ugaritu egin zaigu. Askotan izaten da adineko pertsona erori eta ezin jaikita dagoelako. Lehen, bizilagunari etxeko giltza ematen genion, baina gaur egun ez, eta gertu seniderik edo ezagunik ez duen pertsona horri laguntzera gu joaten gara. Halakoetan atea irekitzera joaten gara edo leihotik sartu behar izaten dugu.

Listor habiak desegitea ere zuen egitekoa al da?

Izugarrizko zabalkundea izan dute liztor habiek. Hasieran suhiltzaileok joaten ginen habiak kentzera; Irungo parkekoak, adibidez, halako esku-hartze ugari egin zuten ­–diotenez Frantziatik sartu ziren liztorrak Euskal Herrira­–. Lan karga handia zela-eta aldundiak erabaki zuen udalei eta mankomunitateei ematea habiak tratatzeko ardura. Orduz geroztik horiek arduratzen dira lan horiez, baina ezin badute, argindar kableak daudelako edo oso altu dagoelako habia, guri deitzen digute. Urolako parkean 20 bat irteera egingo genituen aurten liztor habiak zirela eta.

Zeintzuk dira irteerarik gogorrenak?

Fisikoki gogorrenak sute handiak; industrialak, egurrezko eraikuntzenak... Su karga handia izaten da halakoetan, bero egiten du, ke handia egoten da... Eta pertsona guztiak sutatik ihes doazenean guk sartu egin behar dugu. Ekipamendu aldetik ondo prestatuta gaude, baina izugarrizko beroa ematen du jantziak, 20-25 kilo gehiago eramaten ditugu soinean –mangerak, ura eta abar–... Istripuen kasuan, berriz, tentsio handiko uneak pasatzen ditugu, topo egiten dugun egoeraren arabera. Dena den, istripu batean ez badago inor ibilgailuan harrapatuta, ez digute deitzen, baina hori ez dago ondo eginda. Edozein trafiko istriputan egon daitezke isurketak eta askotan bateria moztu behar izaten da surik ez pizteko. Deituz gero, babesa emango genuke, baina ezin da edozein kolpegatik deitu; oreka bilatu behar da. Trafiko istripu kasuetan, karga fisikoa ez da handia izaten, baina ikusitako egoerak... Parkerako buelta ikaragarria izaten da. Askotan autotik hildakoa atera behar izaten dugu, eta ezagutzen ez baduzu, beno, baina ezaguna bada... Parketik irteterako ere kezka izaten dut, istripua izan duena tartekoa izango ote dudan pentsatuta. Ordizian ez nintzen hainbeste larritzen, baina Urolako parkean lan eginda...

Suari lotutako zenbat irteera egin zenituzten 2017an? Eta zerk eragiten ditu sute horiek?

Erdiak baino gutxiago izan ziren, 2017an 78 sute artatu genituen. Gaur egun, askotan, sua pizten da tximiniako kelarreak su hartu duelako. Eraikuntza berria bada, ez da arazo handirik izaten, baina urteak eta egurrezko egitura baldin baditu... Sua piztutako baserri batzuetara joatea ere tokatzen zaizkigu. Iaz, adibidez, Egurtza Azpikoa baserria erre zen Azpeitian. Urtero izaten dira halako bat edo bi; izan ere, asko berritu badira ere, baserri zahar ugari dago oraindik. Baso suteak, berriz, oso gutxi izaten dira inguruotan. Udazkenean bakan batzuk, edo negu partean besteren bat, basoa ihartuta dagoelako izotzarekin-eta...

Zuek lanean aspertuta egotea seinale ona da, beraz?

Hala esaten digute: "Zuek hantxe egon geldi-geldirik, mugitzen zaretenean ez da-eta gauza onik izaten". Ordu lasaiak izaten ditugu, eta irakurtzen edo telebista ikusten egoten gara. 24 orduko txandak azkar pasatzen dira, eta bi egun eta erdira itzultzen gara lanera.

Zuk esana da: 23 urtean 524 istripu, 189 zauritu eta 23 hildako izan dira Azkaraten. Datuak ikaragarriak ez al dira?

Horrela, bat-batean irakurrita, izugarriak ematen dute, baina... Azpeitia eta Zumaia arteko datuak begiratuz gero, ziur nago horiek baino beldurgarriagoak izango direla. Hala ere, Azkaraten 23 urtean 23 hildako, ikaragarria da. Dena den, istripu kopurua asko jaitsi da. Lehengoan aritu ginen horretaz hizketan suhiltzaileen etxean, eta aipatu genuen ez dugula istripu batera joan beharrik izan azken bolada handi batean. Azkena artatu nuen istripua duela bi hilabete-edo izan zen. Autoa irauli zitzaion pertsona bati, eta barruan gelditu zen harrapatuta. Ondo atera zen.

Gaur egun zerk eragiten du trafiko istripu gehien?

Ziur nago asko mugikorrak eragindako oharkabetzeen ondorio direla. Ikusi egiten dira halakoak, eta neuri ere gertatu izan zaizkit. Bestalde, gaur egun kontrol handia dago, baina gehixeago edanda edo droga hartuta gidatzen du jendeak... Ez daukat zehatz esaterik, baina alkoholak eta drogrek ere izango dute eragina. Garai batean akats mekanikoak edo errepideen egoera izan zitezkeen istripuen eragileak, baina gaur egun ez.

Prebentzio lanetan zer rol duzue zuek?

Lehen umeak suhiltzaile etxeetara bisitan etortzen ziren; gunea ikusten zuten eta hainbat azalpen ematen genizkien. Prebentzio lanik ez genuen egiten, ordea, eta iaz prebentzioan oinarritutako plan berri bat egin genuen. Gaur egun, etxeko suteak saihesteko hainbat gomendio ematen diegu haurrei, aldundiak egindako bideo bat ere erakusten diete ikastetxeetan, eta hura ikusi ostean eskolara joaten gara haurrekin bideoaz hitz egitera. Bestalde, azken urteetan road show bat ere egin dute Azpeitian ­–aurten Azkoitian ere bai–, eta errepikatzekoa dela uste dut. Izan ere, saio horrek balio du gaztetxoek etorkizunean istripuak saihesteko hainbat erabaki har ditzaten. Kontzientziazioa beharrezkoa da, eta halako ekintzak oso garrantzitsuak dira. Mezua zabaltzea garrantzisua da.

Datuak

164 irteera egin zituzten Urola parkeko suhiltzaileek 2017an. Horietatik 11 alarma faltsuak izan ziren, 78 suteek eragindakoak, 67 salbamendukoak eta zortzi laguntza teknikoa. Azpeitiko parkea da Gipuzkoan 2017an irteera gutxien izan zitutena.

46 irteera egin zituzten Azpeitira: 23 sute, 19 salbamendu eta lau laguntza tekniko. Azkoitira 54 irteera egin zituzten, lau Beizamara, hogei Zestoara eta hamalau Errezilera.