Urtarrileko zulotik, argitara

Gipuzkoako Hitza 2019ko urt. 21a, 14:13

Urte berrirako asmoek asmo izaten jarraitzen dutela ikusteak, Gabonetako gastuek patrikan erindako zuloari buelta eman ezinak, familia bilerek mugiarazitako sentimenduek eta eguraldi pattalak tristuraren amildegira gerturatzen ditu zenbait. Handik urruntzeko modurik bada, ordea. Gaur, astelehena, Urteko egunik tristeena da, Blue Monday. Ikertzaile batek eraiki zuen urteko egunik tristeena zein den ebazteko formula. Maria Zunzunegi psikologoarekin hitz egin du Aitziber Arzallus kazetariak, Gipuzkoako Hitzarako.

Urteko egunik tristeena da gaur, astelehena, Blue Monday; eta ez Donostian eta Azpeitian bakarrik, Sansebastian egunaren biharamunagatik, mundu guztian baizik. Cliff Arnallek, Cardiffeko Unibertsitateko irakasleak eraiki zuen urteko egunik tristeena zein den ebazteko formula. Eta Porter Novelli komunikazio enpresak gizarteratu eta zabaldu zuen kontzeptua, 2005ean Sky Travel bidaia agentziarentzat egin zuen publizitate kanpaina batekin. Kanpaina hartan, oporraldi on bat proposatzen zuten tristurari aurre egiteko bitartekotzat, eta horretarako beharrezko guztia erosten joatea aholkatzen zuten, hegazkin txartelak, batez ere.

Hain zuzen, ondorengoa da urteko egunik tristeena zein den jakiteko Arnallek erabili zuen ekuazioa: [W+(D-d)]xTQ / MxNA. Formula horretan, egiten duen eguraldiari dagokio W; zorrei D; soldatari d; Gabonetatik igarotako denborari T; helburu bat lortzeko saiakeratik igaro den denborari Q; motibazioari M; eta ekintza berriei ekiteko beharrari NA.

Formula osatzen duten aldagaiek zentzua badutela iruditu arren, formulak berak ez du oinarri zientifikorik. Sortzaileak berak onartu zuen pentsaezina dela aldagai horiek guztiak ekuazio batean biltzea, ez direlako ez konparagarriak eta ez osagarriak. Baina hori onartzeak berdintsu izan zion, ordurako kontzeptu komertzial baliagarria baitzen Blue Monday gisa izendatutakoa. Eta ez pentsa Arnallen asmakizun bakarra hori izan denik. Zoriontasun aholkularitza du ogibide, eta hark asmatutakoak dira urteko egunik zoriontsuena —ekaineko hirugarren ostirala— eta jostailu perfektua zeintzuk diren ebazteko formulak ere; helburu komertzialekin sortuak dira biak ala biak, noski.

Arnallen formulek oinarri zientifikorik ez duten arren, "arriskutsuak" izan daitezkeela ohartarazi du Maria Zunzunegi psikologo eta Azpeitiko bizilagunak, "norberak betearazten duen profezia bihur baitaiteke", esatearen esatez sinesten den gezurra. "Izan ere, ideia hori sinesten badugu, gure jarrera, seguruenik, negatiboagoa izango da, gure ekintzak horretan oinarrituko dira, eta gertakizunak modu ezkorrean interpretatuko ditugu". Urteko egunik tristeenaren formulak funtsik ez duen arren, hura osatzen duten aldagaiek zentzua badutelako. "Benetakoak dira Arnallek aipatzen dituen faktoreak, eta eragina dute gure aldartean eta umorean; baina ahaztu behar ez duguna da faktore horiek present izan ditzakegula urtarrileko bigarren asteazkenean edo otsaileko lehen ostegunean ere".

Argi dago datorren astelehena, izatez, ez dela izango urteko egunik tristeena, baina Zunzunegik onartu du urtearen hasiera sasoi zaila izaten dela askorentzat. "Sentimendu asko astintzen dituzte Gabonek, handitu egiten dira familia giroko tentsioak, prestaketa ugari izaten da, asmo berriak erortzen hasten dira, neurrigabeko gastuei buelta eman behar izaten zaie, eta eguraldia ere hotzagoa eta etxe girokoagoa izaten da. Horregatik guztiagatik, urte hasiera malkartsua izan ohi da jende askorentzat". Eta Zunzunegiren arabera, inor ez da libratzen baxualdia izateko arriskutik. "Ez dago tristurak eragingo dion pertsonaren soslai zehatzik. Urtean zehar metatutako ondoezak lehertzen diren unea izaten da maiz, eta edozeini gerta dakioke hori, izan gazte, heldu zein hirugarren adineko; langile zein langabe; emakume zein gizon".

Jarraitu erreportajea irakurtzen, Gipuzkoako Hitzaren webgunean.