Joan da azken saltzailea ere

Uztarria.eus 2019ko urt. 10a, 16:55
Arana 2013ko iraileko ferian, Azpeitiko plazan. (Xabier Otamendi)

Hileko hirugarren asteazkenetako ganadu feria gainbeheran joan dela esatea ez da astakeria. Hamarren batzuk baserritarrek jarraitzen dute hitzorduari hutsik egin gabe erantzuten; ganaduzaleak eta baserrirako lanabesen saltzaileak, baina, bertaratzeari uzten ari dira. Azken urtebetean plazan izan den saltzaile bakarrak joan zen ekainean igaro zuen azken arratsaldea Azpeitiko plazan. Harekin hitz egin du Uztarriak.

Joan zen ekainean igaro zuen Azpeitiko ferian azken arratsaldea azken boladan plazan izan den saltzaile bakarrak. Baserrirako lanabesak eta oinetakoak saltzera etortzen zen Azpeitira Joxe Mari Arana (Tolosa, 1955); bai etorri ere, 25 urtez hutsik egin gabe izan baita plazan hileko hirugarren asteazkenero. Herenegun zela iruditzen bazaio ere, 1993ko maiatzean egin zuen lehen bisita Azpeitiko ganadu feriara: "Orduan sei-zazpi saltzaile izaten ginen erremintekin, landarezalea ere izaten zen hiru bat hilabetez pinuak saltzen, ganaduzaleak ere bertaratzen ziren, traktorezaleak ere bai...".

Aranak dioenez, "gainbeheran" etorri dira feriak, "aldatu" egin dira: "Torrelavegako [Kantabria, Espainia] feria egiten jarraitzen dute, baina gainerako halako hitzordu gehienak galdu egin dira. Tolosan badira 30 bat urte ganadua ekartzeari utzi ziotela, Ordizian ere bai, Hernanin ere galdu da... Euskal Herrian feria entzutetsuak soilik libratzen dira, Santa Luzia egunekoa eta". Azpeitiko feriaren ahultzea ikaragarria izan da Aranaren esanetan. "Azken boladan, plazara joan eta 40-50 baserritar neure bueltan egoten ziren; asko aldatu da egoera". Hark dioenez, horretan izan du eragina baserriko lanak egiteko moduan eman den aldaketak. "Garai berrietara egokitu dira lan horietan jarraitzen duten baserritarrak ere. Gainera, lehengo baserritarrak ibilbidea bukatzen ari dira, eta erreleboa falta dute. Gaur egun baserritar gutxi daude, eta dauden gutxi horiek beste modu batean ari dira lanean".

53 urte eta erdi pasatu ditu han eta hemen atxurrak, segak, sardeak, igitaiak, aizkorak, abarkak, lanabesentzako ordezko piezak, uretarako botak, mendirakoak, kirol zapatillak, galtzerdiak eta abar saltzen. Baina Aranak dioenez, gaur egun tresna horiek saltzea ez da batere erraza, "itzaltzen" ari direlako afizioa eta ofizioa: "Gaur egungo gazteei entxufedun edo motordun gailuak ez badizkiezu ematen... jai dago". Dena den, haren arabera, ez da hori izan azoketara eta ferietara joateari uzteko arrazoia. "Gainbehera ez da izan uzteko arrazoia, gustura joaten bainitzen. Nahikoa dela esan diot neure buruari, lasaiago ibiltzeko garaia iritsi dela". Helburua beteta utzi du ogibidea Aranak: "Orain Tolosan dugun oinetako dendan ari naiz lanean, lasaiago. Bidaia luzea egin dugu azoketan eta ferietan, eta atseden pixka bat hartzea tokatzen da".

Etxeko tradizioari jarraituz hasi zen Arana lanbide horretan: "Nire aitak ferietan-eta aritzeko laguntza behar zuen, amak dendan egiten zuen lan, eta neuri egokitu zitzaidan aitari laguntzen hastea". 10 urte zituen sasoi hartan Aranak, eta ordutik pasatu diren urte guzti horietako oroitzapen ugari ditu: "Batzuk onak eta besteak txarrak; egun batzuk onak izan dira, eta besteak txarrak". Azpeitian lan egin duen 25 urteotan, baina, jende pila bat ezagutzeko parada izan duela azaldu du. "Hainbeste urtez elkar ikusita, denak gara ezagunak". Horrekin gelditzen da.