Udal Kirol Patronatuak bere horretan mantenduko du urteko kuota

Uztarria.eus 2019ko urt. 7a, 16:22
Azpeitiko igerilekua. (Udala)

Herritarrek hainbat onura jasotzeko aukera izango dute, eta horretarako, eskaerak aurkeztu beharko dituzte. Kirol Patronatuak inoiz baino bazkide gehiago ditu.

Udalak jakinarazi duenez, Kirol Patronatuaren bazkide kopuruak gora egin du laugarren urtez jarraian; gaur egun, 6.746 bazkide ditu, iaz baino %2,5 gehiago –Kirol Patronatuak inoiz izan duen bazkide kopuru handiena da hori–. Nabarmentzekoa da horietatik 3.242 (%48) emakumeak direla eta 3.504 (%52) gizonezkoak; udalaren arabera, "datu esanguratsua" da hori genero ikuspegitik. Gainera, udan 5.256 erabiltzaile izan dira patronatuaren instalazioetan, eta udalak azaldu du barruko instalazioak abuztu osoan irekitzeko apustuak "merezi" izan duela.

2019an ere bide beretik segituko du udalak, "Azpeitian jarduera fisikoa eta kirola egiteko aukerak zalbadu eta zerbitzuak hobetzeko xedearekin". Horren haritik, hainbat hobekuntza izango da 2019an Kirol Patronatuaren zerbitzuetan.

Batetik, familiako abonuak ordaintzeko erraztasunak emango dituzte, betiere etxeko diru sarrerak kontuan hartuta. Zailtasun gehien dituzten familiek deskontuak izango dituzte urteko kuotan, eta 18 urte arteko haurrei eta gazteei abonua ordaintzeko diru laguntzak emango dizkiete. Erretiratuek, pentsiodunek eta langabetuek ere beherapena izaten jarraituko dute.

Bestetik, Kirol Orientazio Zerbitzua sendotuko dute. Iaz jarri zuten martxan doako aholkularitza zerbitzu hori, eta herritarren osasun fisikoan, psikikoan eta sozialean eragitea du helburu. Jarduera fisikoa egiteko ohiturarik ez duten herritarrei horretan hasteko ahokularitza eta jarraipena eskaintzen die zerbitzuak, eta dagoeneko 53 erabiltzaile ditu, adin, genero eta izaera askotakoak. Zerbitzu horren onurak ikusita, Osakidetzako arduradunek harekin bat egitea erabaki dute;  udalarekin lankidetzan hasi dira dagoeneko, eta aurrerantzean, herriko anbulatorioan ere eskainiko dute Kirol Orientazio Zerbitzua. Ordua hartzeko hainbat modu daude: 688 854 119ra deituta edo koz@azpeitia.eus emailera idatzita har daiteke, edo anbulatorioan bertan, norberaren familia medikuaren bidez.

Igerilekuko eraikineko lanak amaitu ditu Udalak, eta orain, guneak hobeto aprobetxatzea eta energia aurreztea izango da haren erronka. Batetik, azken solairuko alde zaharra guztiz berritu dute, eta horri esker, gune horri erabilera hobea emateko modua izango da. Bestetik, energia eraginkortasuna hobetzeko, eraikinaren paretak isolatu eta teilatuan plaka fotovoltaikoak ezarri dituzte. Neurri horiekin, orain arte galtzen zen energiaren %26,7 berreskuratuko dute, eta kontsumoa %11,5 murriztu. Urtean 266.500 kWh aurreztea espero dute, horrek dituen onura ekologiko eta ekonomiko guztiekin.

Gainera, bazkide txartelarekin, kirolarekin zuzenean lotutako azterketa medikuak merkeago egiteko aukera izango da, Udalak Urola zentro medikoarekin eta Eliku zentroarekin egindako akordioari esker. Bi gune horietara joanda eta bazkide txartela erakutsita, beherapena egingo diete bazkideei.

Horrekin batera, bazkideek ordaindu beharreko kuota bere horretan mantendu dute; hau da, iaztik ez da igo kopurua.

Onurak jasotzeko eskariak

Kirol Patronatuko bazkideek hainbat onura jasotzeko aukera dute, eta horretarako, eskaera orria eta beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztu beharko dituzte. Onurak jasotzeko ezinbestekoa da Azpeitian erroldatuta egotea.

Honako dokumentazioa aurkeztu behar da onurak jasotzeko:

  • Langabetuek, bizitza laborala.
  • Familia abonuetan diru sarrerak kontuak hartzeko, azken urteko errenta aitorpena.
  • Pentsiodunek, pentsiodunen agiria.
  • 18 urtetik gorako ikasleek, matrikula edo bizitza laborala.