Seaskaren egutegiak salgai jarri dituzte Elikagunean

Uztarria.eus 2018ko abe. 27a, 10:37
Seaskaren egutegiak.

Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteak egutegiak kaleratu ditu, datorren ikasturterako dirua biltzeko helburuarekin. Elkar-ekinek eta Elikaguneak bat egin dute proiektuarekin, eta Azpeitian ere eskura daitezke egutegiak. Elikagunean daude salgai, lau eurotan.

Urtea amaitzear da, eta ohi bezala, datorren urteko egutegiak salgai jarri ditu Seaskak, Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteak. Hurrengo ikasturterako dirua biltzea da elkartearen asmoa, eta ikastola horiei laguntzeko helburuarekin, Elkar-ekin eta Elikagunea arduratuko dira egutegi horiek Azpeitian saltzeaz. "Aspaldikoa da Seaska ekonomikoki itotzeko Frantziako Estatuak duen jarrera itxia, eta horri aurre egiteko, elkartasun ekonomikoa beharrezkoa dela uste dugu, beste hainbat ekimenekin batera. Ipar Euskal Herriko haur eta gazteek euskaraz eta Euskal Herriaz ikas dezaten Seaskaren proiektua oinarrizkoa da, eta Azpeititik gure ekarpentxoa egin nahi diogu proiektu horri", adierazi dute Elkar-Ekineko eta Elikaguneko ordezkariek. Egutegiak lau eurotan daude salgai, eta nahi duenak eskuragarri ditu dagoeneko Elikagunean.